Elkartasun Astea gaurtik larunbatera arte

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 16a, 02:00

GAUR arratsaldean hasiko da Hernanin egingo den 2008ko Elkartasun Astea. Gaurtik hasi eta larunbata bitartean ekitaldi mordoa antolatu dituzte. Halere, egun nagusia, Elkartasun Eguna, larunbatean izango da. Ekainaren 26an, Elkartasun Astea aurkezteko egin zuten prentsaurrekoan emandako informazioaren arabera, «gaur egun euskal preso politikoen eskubideen urraketa sistematikoa da». Hori kontuan izanda, Elkartasun Egunaren helburu nagusia «euskal preso politikoek bizi duten egoera salatzea da; besteak beste, dispertsioa, isolamendua eta bizi arteko espetxe zigorra». Beraz, Elkartasun Egunaren helburua «preso eta iheslarien eskubideen defentsan» pausoak ematea da.

Ekitaldi ugari
Gaur arratsaldean materiala saltzeko postua jarriko dute. Bihar osteguna, ilunabarreko 20:30etan, bertso afaria izango da Santa Barbara Elkartean. Oier Iurramendi, Unai Gaztelumendi, Asier Azpiroz, Aitzol Barandiaran eta Arnaitz Lasarte bertsolariak izango dira bertan eta gai jartzailea Jon Altuna Oxan izango da. Ostiralean, arratsaldean zehar, Rugby 7 torneoko partiduak izango dira Landaren. Arratsaldeko partiduen ondoren, finala izango da irabazleen artean gaueko 21:00etan.

Elkartasun Eguna larunbatean
Aste guztiko egun nagusia larunbatekoa izango da, Elkartasun Eguna baita. Eguna herri krossarekin hasiko da goizeko 11:00etan; guztira 4,5 km egingo dituzte herrian zehar. Ondoren, sari banaketa eta argazkien salmenta izango dira. Eguerdiko 12:00etatik aurrera lehiaketak izango dira, preso 1 egunkari 1 eta eskalatzaileak presoak askatu izenekoak. Elkartasun sugea ere izango da. 13:00etan manifestazioa egingo dute eta 14:30etan herri bazkaria. Bazkalostean, haurren txokoa, kantu herrikoiak, herri kirolak eta enkantea izango dira. 19:00etan elkartasun ekitaldia egingo dute eta 22:00etan kontzertuak izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!