Ze arraio motelak jarri freskatzen sagardo botilak Kortaturen abestia datorkit behin eta berriro burura. Makina bat aldiz dantzatuko nuen herriko festetan, baina orain arte ez naiz jabetu zenbateko garrantzia duen esaldi honek sagardoarentzako. Nahiz eta sagardoa gure herrialdean guztiz errotua dagoen edaria izan, badago oraindik ere bere inguruan ezjakintasun punttu bat. Berriro ere abestiari helduta, sagardoak fresko egon behar du eta ez hotz, askok uste duten eran; tragu motzetan edan behar da eta maiztasunez, gure zaharren ahotan hainbatetan entzun dugun bezala, sagardoa, gutxi ta maiz.
Tradizioaren eskutik iritsi da sagardoa gure garaira, ez esfortzu gutxiren ostean, eta modernitateari heldu dio kalitatezko produktua mantentzeko beharrari erantzunez. Sagardoa da Gipuzkoarrontzat edaririk preziatuena, maitatuena eta kuttunena. Hainbat otorduren lagungarri, lagunarteak epeldu dituen urre koloreko salda eta bazkalosteko kantu askoren eragile. Sagardo botilek apaintzen dute gure lurraldeko hainbat eta hainbat jantoki, mokadutxo baten sostengu, jankideek egarria sagardoan itotzeko ohiturari eusten diotelarik.
Uda sasoia heldu den honetan, eguraldia epeltzen doa azken hilabeteetako iluntasunaren ostean eta sagardoak gustura hartuko du indarberritze hau, argitasuna eta berotasuna. Urteko produktua izaki, uda parterako bere ezaugarriak pil-pilean ditu. Edari naturala, freskoa eta bizia izan arren, delikatua ere bada, bere kontserbazio zein zerbitzurako mimo handia behar duena. Ezezaguna da gehiengoarentzat sagardoak edari bezala duen aberastasuna, sagardoaren dastatzeak eragin ditzakeen sentsazio leherketak. Sagardoa bere osotasunean gozatzeak benetan merezi du, edari honekiko ikertzen hasi besterik ez gara egin, eta bidea luzea eta zoragarria da. Sagardoarekiko gure maitasunak zu kutsa zaitzan besterik ez dugu nahi, bitartean... jarri freskatzen sagardo botilak. TOPA DEZAGUN SAGARDOAREKIN!
Nerea Izagirre
Gipuzkoako Sagardogileen
Elkarteko idazkaria