Karmen jaien txanda bihar Kaxkoan

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 15a, 02:00

Udaran aukera ederra izaten da festarik festa ibiltzeko; Martindegiko San Ferminak bukatu berriak dira eta bihar berriz festa izango da herrian, oraingoan Kaxkoan, izan ere, urtero bezala Karmen jaiak ospatuko dituzte.

Goiz goizetik diana
Goizeko 09:30etan hasiko da festa diana doinuarekin. Aurretik, 09:00etan meza izango da eta 10:00etatik aurrera ume jolasak. 12:00etan izango da jaien hasierako txupinazoa eta ondoren Kaxkoko alkate berria izendatuko dute, Manuel Yaben Agirre hain zuzen. Ondoren, Rodriguez Caballero familiari omenaldia egingo diote, dantzari eta txistulariekin. Horiez gain, Kaxkoko fatxada ederrena izendatuko dute. Bitartean trikitixa doinuek alaituko dute Kaxkoa eta 14:00etan herri bazkaria izango da.

Karta jokoan
16:30etatik aurrera karta jokoan ariko dira Kardaberaz kalean, garai batean bezala. 17:00etatik aurrera gaztelu puzgarriak izango dira Plaza Berrin umeentzat eta 17:30etan haurrentzako txokolate jatea Kale Nagusian. Gazteek ere izango dute non dibertitu, jolasak izango baitituzte Kale Nagusian. Ondoren, 20:00etan sariak banatuko dira Plaza Berrin.

Sardina jatea
Gustoko dituenak bihar du aukera ederra sardinak jateko, Plaza Berrin sardinak erretzen izango baitira, 20:00etatik aurrera. Musika ere izango da bitartean. Azkenik, gaueko 00:00etan festa bukaerako txupinazoa izango da.

MARTINDEGIKO JAIEN BALORAZIOA
Martindegiko jai batzordeko kideak «oso pozik jendearen erantzunarekin»
Bukatu dira San Ferminak Martindegi auzoan. Jai batzordeko kideen iritziz, «eguraldi txarra izan arren, jendeak oso ondo erantzun du».
Programazioa «bete-betea» izaten dute eta gutxi gora behera denetan erantzuna oso ona izan da. Astelehenean, lehendabiziko egunean, batez ere auzoko kideak bildu ziren txupinazora, mezara eta gaueko afarira. Sagardo probaketaz  eta tortila lehiaketaz galdetuta,  «jateko eta edateko kontuetan beti ondo moldatzen gara» erantzun dute.
Asteburuan berriz, kanpoko jende asko izan da, «gazte  jende asko etorri da aurten, akaso Lesakan ez zegoelako festarik». Igandea egun handia izaten dute, eta «kristorenak botata ere, jende asko bildu zen, edade guztietakoa, ingurukoak, betikoak, gazteak...». Orain trasteak jaso eta merezitako atsedena hartuko dute.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!