Lezama eta Zubietako filialetan ezker lateral hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 15a, 02:00

Zer jartzen du kontratuan?
Gorka:
Nire kasuan bi urteko kontratua da eta Bingenenaren antzera, urte bukaera bakoitzean klubak erabakitzen du jarraitu ala ez; 1+1 da. Eta beno, ni Bingen baino pixka bat zaharragoa naizenez, futbolean zerbait egin nahi badut orain dut aukera, dena ematea tokatzen zait.
Bingen: Nik San Joanak baino lehentxeago sinatu nuen. Hiru urteko kontratua da, baina klubak aukera dauka urte amaiera bakoitzean kontratua bertan behera uzteko. 1+1+1 deitzen den kontratua da.

Espero al zenuten eskaintza?
G:
Nik ez nuen uste urte batean hain pauso handia emateko kapaza izango nintzenik. Lemoan esaten zidaten ondo ari nintzela eta abar, baina lehen denboraldia egin bezain laister, Bilbao Athletic-ek deitzea ez nuen espero. Lemoan jokatutako partiduak eta emandako aukerak ondo aprobetxatu ditut eta aukera eman didate.
B: Hasiera batean ez nuen pentsatzen. Nire posturako aurretik bi jokalari nituen (Balentziaga eta Morgado) eta zalantzak neuzkan. Baina niregan konfiantza jarri dute, Errealean jarraitzea eskaini didate eta oso gustura hartu dut.

Beste talderen baten eskaintzarik jaso al duzue?
G:
Hor, azken batean, zurrumurruak izaten dira asko. Nik dakidana da Guadalajarak deitu zidala. Baina Bilbao Athletic-en aukera aurrean edukita ez nuen dudarik izan; filiala delako eta klubak duen filosofiagatik.
B: Nik uste dut aukerak nituela Zarautz edo Lagun Onak bezalako taldeetara joateko, 3.mailan. Baina `sanse`-ren aukera niretzat askoz hobea da.

Biak ezkerrak zarete futbolean. Pasa den denboraldian zein postutan jokatu duzue?
G:
Ezkerreko erdilari bezala hasi nintzen. Baina gero, kasualitatez, lateral ezker bat lesionatu zelako eta bestea zigortuta zegoelako, ezker lateral postuan jokatzea tokatu zitzaidan. Ondo egin nuen, eta hortik aurrera postu horretan geratu nintzen. Azkenean, 26 partidutatik 20 inguru hor jokatu ditut. B: Nik orain arte zelai erdian jokatu izan dut, eta behin edo behin defentsan. Baina azken denboraldi hau oso-osorik ezker lateral postuan egin dut.

Eta datorren denboraldian jokatzea espero duzue? Hala bada, zein postutan?
G:
Niri Lezaman esan didate lateral posturako fitxatu nautela. Esperantzak jokatzeko badauzkat, hori bai, lan asko egin beharko dudala ere badakit. Egia esan, ez dakit nire postuan zenbat gauden; aurten Bilbao Athletic-ek denboraldi txarra egin baitu eta taldea asko aldatuko baita.
B: Nik badakit postu berdinean bi jokalari gehiago ditudala. Baina seguruenik Balentziaga ez da taldean izango; lehen taldera igoko dute edo beste talderen batera utzita joango da. Orduan, Morgadorekin borrokatu beharko dut postua.

Athletic-en filosofia badakigu nolakoa den. Baita Errealaren egungo egoera ere.
G: Athletic-en egotearen suertea hori da; etxeko jokalariekin lan egiten dutela eta goiko taldean norbait falta bada, lehenengo, beheko taldean begiratzen dutela. Alde horretatik aukera oso ona da.
B: Erreala nola dabilen denok ikusten dugu; ero-ero, zer pasa daitekeen jakin gabe eta abar. Mundu guztia dago nahiko airean eta gauza asko gerta daitezke. Esan beharra dago, Erreala lehen mailara ez igo- tzeak beheko jokalarioi mesede egiten digula. Inork ez genuen nahi 2. mailan geratzea, baina orain klubak daukan egoera ekonomikoa ikusita etxeko jokalariekin aurrera egitea tokatzen da.

Bukatzeko, noiz hasiko zarete aurredenboraldiarekin?
G:
Uztailaren 10ean.
B:
Uztailaren 14an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!