AUZOTARREK espero ez bazuten ere euriak ez du aurten festarako giroa zapuztu Martindegiko San Ferminetan. Jendea gogoz ibili da ostiraletik iganderako San Ferminetako ekitaldietan, eta baita festetako aurreneneko egunean ere, San Fermin egunean. Antolatzaile eta auzotarrak gustora daude aurtengo San Ferminek eman dutenarekin, eta hortaz, zapi gorria ondo gorde dute datorren urtean berriro ere erabiltzeko moduan izateko.
Herri kirolak eta abere demak
Atzo euskal festa ederra izan zen Martindegin eta eguerdiko herri kirolen bueltan jende ugari bildu zen. Azurmendik, O.Larretxea eta Etxeberriak gogoz egin zuten lana aizkoran eta harri jasotzen marka politak ikusteko aukera izan zen, Joseba Ostolaza, Guardiko Suharri eta Uxarbeko Saizarren eskutik. Arratsaldean trikitilari gazteen txapelketaren bueltan ere jende ugari bildu zen Martindegin.
Urnietako Joseba Azkoneta nagusitu zen larunbat gaueko abere deman
Larunbat gauean Imanol Fagollaga eta Urnietako Joseba Azkonetaren abereen arteko dema izan zen. Urnietakoaren abereak irabazi zuen 53 plaza eta 5 metro eginda. Fagollagarenak 46 plaza egin zituen. Aipatu beharra dago Fagollagarena behor gaztea zela, plazan oraindik ere gutxi ibilitakoa.