Udako Futbol Kanpamenduetan 36 umek hartu dute parte izan diren bi txandetan

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 16a, 02:00

UDAKO Futbol Kanpamenduak antolatu ditu Hernaniko Futbol Eskolak aurtengoan lehen aldiz. Guztira 36 umek hartu dute parte, 1996 eta 2001. urte bitartean jaiotakoak, bi txandetan banatu diren kanpamenduetan. Hasiera batean, antolatzaileek lau txanda jarri zituzten aukeran, baina izen eman duten haur kopurua kontuan izanda, bitan banatzea erabaki zuten. Lehenengo txanda ekainaren 30etik uztailaren 4a bitartekoa izan zen eta 17 umek hartu zuten parte. Bigarrena astelehenean hasi zen eta ostiralean amaituko da, eta 19 umek hartu dute parte. Txanda bakoitzean izen eman duten ume kopuruaren arabera egin dituzte taldeak. Adina kontuan izanda egin dituzte banaketak eta taldeetan neska mutilak batera aritzen dira.

Bost egunetan banatutako jarduerak
Txanda bakoitzak bost egun izan ditu. Entrenatzaileak goizeko 8:45etan geratzen dira haurrekin Plaza Berrin. Ume guztiak bildutakoan, Zubipera jaisten dira. Arropak aldatu eta 9:30ak aldera hasten dira futbol entrenamenduekin. 11:00etan dutxatzera joaten dira eta gero, hamaiketakoa egiten dute guztiek batera. Ondoren jolasen txanda izaten da; kamisetak margotu, eskulanak egin... Ostegunean, bost egunetako kanpamendua amaierara iristen ari denean, Zubietarako irteera egiten dute. Umeek bertako instalazioak ikusten dituzte; talde haundia eta filialak entrenatzen diren zelaiak, gimnasioak... eta ondoren, Hernaniko gaztetxoak bertan entrenatzen dira. Ostirala, azken eguna, egun berezia izaten da umeentzat. Sari banaketa egiten da, kanpamenduak jokatu diren partiduetako irabazleentzako, hobe kien portatu denarentzako... eta amaierako festa egiten dute. Egun hortara arte, aste osoan zehar haurrek ekartzen dute hamaiketakoa. Azken egunean aldiz, merendola edo hamaiketako moduko bat egiten dute kanpamenduko arduradunek antolatuta.

Kanpamenduen helburua
Udan era askotako kanpamenduak egoten dira, baina Hernaniko Futbol Eskolak antolatutako hauek duten helburua zehatza da. Batetik, futbol kanpenduak direla kontuan izanda, kirola eginez, umeek ondo pasatzeko aukera izatea, egunean gutxienez ordu eta erdian kirola egiten aritzen baitira. Bestetik, jende berria ezagutzea eta beraien artean erlazionatzen jakitea. Eta azkenik, hezkuntza aldetik higienea eta gorputza zaintzen jakitea. Egunero lantzen dute hori.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!