PSE-EEk udaletxean erregistratu dituen hainbat eskariren berri eman nahi izan du prentsa bidez. Eskari eta proposamen gehienak Kirol patronatuari luzatu dizkio.
Ur parkea
Eskarietako batean, PSE-EEk azaldu du, udaletxeak argitaratutako azkeneko aldizkarian, Gobernu taldeak aipatzen duela ur parkearen egoera tamalgarria dela. «Egoera hori dela eta ur parkean diru inbertsio haundi bat planteatzen da, Gobernu taldeak beharrezkoa ikusten duena arazo horiek konpontzeko. Horrekin batera artikuluan aipatzen da txosten bat osatu dela, orain artean aurkituko gabezia guztiekin». PSE-EEk txostenaren kopia bat eskatu du.
Herriko kirolari buruzko azterketa
PSE-EEk duela urte batzuk egindako eskaria ere gogorarazi nahi izan du, azaldu duenez, garai batean egindako eskariari ez zaio erantzun. PSE-EEk eskatu du Kirol patronatuak herriko kirolaren eta gabezien inguruko azterketa bat egitea: «jakiteko zein kirol egiten den gaur egun herrian, zenbat herritarrek hartzen duen parte bakoitzean, baita zein adinetako jendea dabilen bakoitzean». Ikerketarekin batean inkesta bat egitea ere eskatu du eta bertan, besteak beste, herritarrei egin nahi lituzketen kirol ekintzei buruz eta somatzen dituzten gabeziei buruz galdetuko litzaieke. Informazio hau jasota ekintza plan bat osatzea eskatu du PSE-EEk. Bukatzeko eskatu du eskari honi idatzizko erantzuna ematea.
Zubipe eta Landare
PSE-EEk 2008ko aurrekontuen bueltan planteatu zuen gai bat ere ekarri du gogora. PSE-EEk kezka agertu zuen Zubipe eta Landareko publizitate panelak jokalarientzat arriskutsuak izan daitezkeelako. Eskatu du publizitate panelen egoerari eta hauek izan dezaketen arriskuari buruzko informazioa. Arriskurik izango balitz, Kirol patronatuak zein konponbide planteatzen duen jakitea gustatuko litzaioke.
Paradore aurreko aparkalekua
Garai batean Paradorea zegoen eremu horren aurrean aparkaleku bat dago. Aparkaleku horren egoera hobetzeko hainbat eskari luzatu ditu PSE-EEk: argiteri berria jartzea, lurra konpontzea, lurreko marrak pintatzea, ingurua hesitzea eta inguruko jardinak txukuntzea. PSE-EEk uste du gauean inguru honetan izan daitezkeen arriskuak saihestuko liratekeela txukunduz gero, eta horrekin batera, bere funtzioa betetzeko oinarrizko baldintzak beteko lituzkeela.