AITOR Ruiz de Egino artista hernaniarraren lanak Izuran, Behe Nafarroan, daude ekaina bukaeraz gero, beste hainbat artisten lanekin batean, eta han izango dira abuztuaren 24ra bitartean, Izurako Udako Erakusketan. Aurtengoan Aitor Ruiz de Egino izan da Izurako Uda Erakusketako gonbidatu nagusia. Haize Berri kultur etxea da erakusketaren antolatzailea eta azpimarratu dutenez, erakusketarako jarri duten gaia ere Aitor Ruiz de Eginoren lanetan oinarritu da: hibridazioa. Guztira artista hernaniarraren 20 bat eskultura ikusi daitezke, herrian dagoen Haize Berri kultur etxeko gelan. Beste areto batean aluminiozko marrazkiak daude eta, horiez gain, zizelkatutako lanak ere ikusi daitezke kaleetan, beste artisten lanekin elkarrizketan. Materialei erreparatuta, denetarik erabili du Ruiz de Eginok, zeramika eta aluminioa, besteak beste. Erakusketa debalde da eta arratsaldero ikusteko aukera izango da 15:00etatik aurrera.