HERNANIKO atletak azkenaldian erakusten ari dira aurrenekoen artean dabiltzala. Lehengoan Espainiako Txapelketatik urrea ekarri zuen Servando Rivas jubenilak eta Enara Agirrezabalak ere 6garren postua eskuratu zuen. Oraingoan, beterano mailan, Joxe Mari Murua, Isabel Reyes eta Joxe Mari Santanak lortu dituzte dominak, Euskadiko txapelketan.
Domina sorta
Beteranoen Euskadiko Txapelketa joan den igandean izan zen Durangon. Isabel Reyesek mailu jaurtiketan urrezko domina lortu zuen, M50 kategorian; Joxe Mari Muruak 1.500 eta 5.000 metrotan urrezko dominak lortu zituen, M65 kategorian; eta Jose Mari Santanak 800 metrotan zilarrezko domina eskuratu zuen, M40 kategorian.