urtetik urtera lehenago hasten da merkealdia. Ofizialki uztailaren 1ean hasi dira eta data horren bueltan herriko dendetan kolore biziko kartel berde, arrosa eta horiak azaltzen hasi dira. Jendea ere hasi da erakuslehioetara hurbiltzen, batzuk atetik sartzen ere bai; izan ere, garai polita da aukerako generoa lortzeko, diru gutxixeago xahututa. Kronikak denda batzuetara jo du merkealdiari buruz galdetzera, Ibaimendi, Nikita eta Yone Boutiquera hain zuzen.
Aukera haundia oraindik
Dendarien arabera merkealdia lasai antzera hasi da. Diotenez, aurreko astetik merkealdiko astera sumatu dute aldea, ´mugimendua, baina ez ikaragarria`. Horregatik diote oraindik ´genero aukera haundia` dagoela, ´bai modeloetan, bai tailatan, bai koloretan`. Produktu guztiek ez dute beherapen bera izaten; batzuk %10eko deskontua dute, beste askok %20 eta %30ekoa eta batzuk dagoeneko %40ko deskontua dute, ´produktu batzuk moda-modakoak baitira eta denboraldi honetan atera behar dituzu, beste batzuk ez dute hainbesteko premiarik eta datorren denboraldirako ere balio dute`.
Tratu bikaina
Dendariek herriko denda txikietan eskaintzen duten zerbitzua azpimarratu dute, etxetik gertu, eta gainera, urte osoan. Jendea animatu nahi izan dute merkealdian ere, herriko dendetan erosteko, ´badakigulako jendea janzten` eta batez ere, ´jendea ezagutzen dugulako, badakigu zer gustatzen zaien, nola jazten diren`.
Generoa saldu behar
Dendariek diotenez urtetik urtera lehenago hasi behar izaten dute merkealdiarekin. Arrazoiak, berriz, asko; batetik, biltegian pilatuta duten generoa saldu behar dutelako, ´lekua egiteko datorren denboraldiko generoa ekartzen dugunerako`; beste arrazoirik ere bada, dendari batek esan duen bezala, ´dirua ere behar dugulako, datorren denboraldiko generoa erosteko`. Izan ere, garai batean dendariek, hartutako generoa epeka ordaintzeko aukera izaten zuten, orain ordea, ez; ´dena generoa hartzeko momentuan ordaindu behar izaten dugu, bestela, ez baitago generorik`.
Eguraldia eta krisia
Kronikak dendariei galdetu die hasiera lasai horren arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen eta denak ados azaldu dira: eguraldia eta krisia. Eguraldiak ez du lagundu, apenas izan da eguzki izpirik azkenaldian, ´eta atera denean, jendea hondartzara joan da, eguzki gosez baitago`. Krisiari dagokionez, denek onartzen dute ekonomiak ez duela laguntzen, ´bakoitzak bere dirua ahal duen eran administratzen du`; bestalde, uste dute agian krisiak baino eragin haundiagoa duela ´ekonomiaren inguruan zabaldu den psikosiak`.
Urtetik urtera lehenago
Dendariek gogoratzen dute garai batean merkealdia askoz beranduago hasten zela, ´abuztuaren erdialdean edo`. Hori ´logikoagoa zen, udazkena iristear zegoelako eta generoa aldatu beharra`. Orain, berriz, gero eta goizago hasten dira. Dendarientzat ere denboraldia gogorra izan da, urtetik urtera gehiago jaisten ari da salmenta eta gutxi edo gehiago denek sumatu dute aldea joan den urtetik hona.