Martindegi auzoko bizilagunek gaur hasiko dituzte auzoko jaiak. San Fermin eguna izaki, gaur ezin hutsegin jaiari. Eguneko egitaraua bete-betea dute, goizetik gauera arte. Egun batzuk lasaixeago ibili ondoren, ostiralean ekingo diote berriz festari eta igandera arte ez dute atsedenik hartuko.
Meza goizean
Eguna ondo hasteko Diana doinuarekin hasiko dute festa, goizeko 09:30etan. 10:30etan auzoko hildakoen aldeko meza izango da; bertakoek gogoratu dutenez, garai batean San Fermin egunarekin, jendea Zikuñagako ermitara joaten zen meza entzutera; gaur egun berriz, herriko apaiza joaten da Martindegira eta bertan ematen du meza. Ondoren hamaiketakoa izango dute eta umeentzako jolasak. Eguerdian auzoko gazteen bazkaria izango da.
Arratsaldean segida
Arratsaldean marrazki lehiaketa izango dute umeek, segidan zinta lasterketa eta arratsaldeko 19:00etan auzoan hain ezaguna eta etxekoa duten Inaxito izango da beraiekin 1,2,3... Inaxito! bertso antzerki emanaldiarekin. Gauean mahaiaren bueltan elkartuko dira berriz, baina oraingoan auzotarrak; hortik aurrerakoak ez dituzte jai egitarauan zehaztu nahi izan.
Asteburuan jarraipena
Ostiral arratsaldean ekingo diote berriz festari; besteak beste, tortila patata lehiaketa eta sagardo dastaketa mundiala egingo dituzte. Gauean Laiotz taldea izango da dantzaldia girotzen.
Abere dema larunbatean, Euskal festa igandean
Larunbatean, besteak beste, abere dema ikusgarria izango da Imanol Fagollaga eta Urnietako Joseba Azkonetaren artekoa. Gauean dantzaldia izango da Trakets taldearekin. Eta atsedenaldian Platano Dantza famatua. Igandean Euskal Festa izango da aizkolari, harrijasotzaile, bertsolari eta abarrekin.