Udara izaten da Chillida Lekun urtesasoirik mugituena. Bazter guztietatik hurbiltzen dira bisitariak, kanpokoak eta bertakoak. Hori dela eta, ordutegia zabaldu egingo dute udaran, uztailan eta abuztuan.
Udarako ordutegia
Abuztuaren 31ra arte, beraz, egunero irekiko dute museoa, astelehenetik larunbatera, goizeko 10:30etatik iluntzeko 20:00ak arte, eta igandeetan, 10:30etatik 15:00ak arte.
Paper-Arte tailerra udaran
Udaran museoa irekitzeaz gain, hainbat ekintza eta ikuskizun izango dira. Aurten ere udarako tailerrak antolatu dituzte 8-12 urte bitarteko umeentzat. Abuztuaren lehenengo astean izango da, aurten hilaren 4tik 7ra, astelehenetik ostegunera. Gaztetxoek, praktikaren bidez, Chillidak berak paperean egindako lana ezagutuko dute. Ondoren papera egiten ikasi eta beren lanak egingo dituzte. Ikastaroa arratsaldez izango da, euskeraz eta gazteleraz, eta 30 bat lagunentzat pentsatua dago. Izen emateko epea hilaren 31n bukatuko da, 25 euro ordaindu behar dira; 943 335 308 telefonoan edo educacion@chillidaleku.com helbidean egin daiteke.
Musika hamabostaldiko kontzertuak
Bestalde, abuztuan eta irailan Donostiako Musika Hamabostaldia hasiko da eta kontzertuak izango dira Chilida Leku museoan, besteak beste. Abuztuaren 10ean Hondore Abesbatza izango da; abuztuaren 17an Ensemble Clement Janequin; abuztuaren 24an Francesco Tristano Schlimé pianojolea; eta abuztuaren 31n, igandea hau ere, Bertrand Chamayou pianojolea.