Noiztik korritzen dituzu mendi maratoiak, zertatik datorkizu afizio hori?
Orain hiru edo lau urte hasi nintzen, lehen nire kontura ibiltzen nintzen korrika, beti ere konpetitu gabe, nire aldetik. Nire koinatuak Berako mendiko maratoi erdia antolatzen zuen eta berak esanda animatu egin nintzen. Hau izan zen korritu nuen lehen maratoia, gustatu egin zitzaidan eta handik gaur arte behintzat segi egin dut.
Zer da, nolakoa da mendi maratoi bat? eta zertan ezberdintzen da maratoi normal batetaz?
Maratoia eta lasterketak ezberdintzen jakin behar da. Badaude mendian 10-15 bat kilometro inguru korritzen direnak, motzak, oso azkarrak dira. Mendi batera igotzen zara, 800 metroko desnibela duena, eta ordu eta laurden ordu eta erdikoa da. Esan bezala, oso azkarrak. Gero badaude baita ere maratoi erdiak, bi ordu ingurukoak izaten direnak. Eta azkenik, maratoiak ditugu, lau ordu ingurukoak eta 42 kilometro dituzte. Mendi maratoiko erritmoa asfaltozkoarekin konparatuz oso ezberdina da. Mendian izateaz gain, asfaltozkoan denbora guztian korrika joaten zara, mendikoan ordea, nekatzen zarenean gelditzeko eta ura edateko aukera ere izaten da abitaiamentuetan.
Azken aldian nahiko ondo zabiltza probetan ezta?
Azkeneko hilabetean Zegama-Aizkorri egin nuen preparazio moduan. Hortik aurrera Mutrikun, Arnoko igoeran eta Deban irabazi egin nuen. Lakuntzan hirugarren egin nuen. Lehenengo urtean pixka bat kosta zitzaidan erritmoa hartzea baina azken urteetan ondo nabil, nahiz eta beti ezin duzun topera egon.
Zer sentitzen da irabaztean edo lehenengo postuetan ikusten duzunean zure burua?
Poza sentitzen duzu, baina askotan zer egin ez dakizula geratzen zara. Podiumera igotzen naiz eta ez dakit zer egin, sentsazio arraroa izaten da.
Euskal Herri mailan bakarrik korritzen duzu edota estatu mailan ere bai?
Behin Andorrara atera nintzen baina besterik gabe, aste bukaera pasatzera joan ginen eta atera egin nintzen. Hemen nahiko maratoi badaude kanpora joan gabe. Gainera, nahiz eta kanpoan maratoiak korritzeko afizioa ere egon, hemen gehiago dagoela esango nuke.
Nolakoa izaten da denboraldia? zein egutegi duzu?
Martxoaren bukaeran hasten da, ekainera arte. Udan geratu egiten naiz eta irailean berriro ere izaten dira karrera batzuk eta egin egiten ditut. Guztira 10-12 karrera inguru korritzen ditut urtean eta gutxi gora-behera denboraldia hasi aurretik planifikazio bat egiten dut, nahiz eta azken orduko gauzek alda dezaketen. Lehengo urtean adibidez, baneuzkan egin behar nituen karrera batzuk buruan, erori egin nintzen eta hilabete ezer korritu gabe egon behar izan nuen.
Noiz izaten da denboraldiko hilabeterik gogorrena? Eta maratoi gogorrena?
Hilabeterik gogorrena ekaina izaten da maratoi gehien orduan izaten baitira. Orain bi urte adibidez, lehen esan duda moduan, Andorran egon nintzenean, lasterketa bat korritu nuen. Maratoia baino motzagoa zen baina gogorragoa. Isaban ere egiten da bat, gogorra da. Maratoiak desnibelaren arabera izaten dira gogorrak. Askotan bero haundia egiten badu, faktore honek ere eragina izaten du gogorra egiteko orduan.
Noiz hasten zara entrenatzen, denboraldia prestatzen?
Urtarrila inguruan hasten naiz preparatzen. Astean lau edo bost aldiz ibiltzen naiz entrenatzen eta hauetatik hiru bat egunetan nahiko fuerte. Batzuetan serie motzak egiten ditut eta beste batzuetan luzeak, nahiko fuerteak. Lesakako preparadore batekin ibiltzen naiz, Rafa Marichalar izena du. Bera izaten da laguntzen didana eta entrenamentutako pautak markatzen dizkidana. Etorkizunari begira, nola ikusten duzu zure burua? Aurten behintzat, orain udan deskantsatzea tokatzen zait eta irailean berriz hasiko naiz. Gauzak ondo joanez gero behintzat, hurrengo urtean segitzeko asmoa dut.
Zer da zuretzat horrelako lasterketa, maratoi batean parte hartzea?
Gehien gustatzen zaidana konpetizioa da, konpetitzeak sortzen duen sentsazioa. Gainera, mendian ibiltzea, paisaiak ikustea gustatzen zait eta maratoiek aukera hori ematen didate. Gainera entrenatzen aritu ondoren, fruituak jasotzen ditudala ikusteak ilusioa ematen dit.