San Fermin jaietaz gozatzeko aukera herrian bertan, Martindegin

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 6a, 02:00

FERMin Doatsuaren jaiak izango dira aurtengoan ere Martindegi auzoan. Lau egun izango dira orotara, bihar San Fermin egunean hasiko dira eta ostiral, larunbat eta igandean jarraituko dute. Goizeko 9:30etan Diana izango da. Ordubete beranduago auzoko hildakoen alde meza egingo dute eta ondoren Oialume tabernak hamaiketakoa emango du. Eguerdiko 14:00etan gazte bazkaria izango da eta digestioa ondo egin ondoren, auzokoek eta bertara hurbiltzen direnak zinta lasterketa korritzeko aukera izango dute arratsaldeko 17:00etan. Beranduago, 19:00etan, Bertso antzerkia izango da 1,2,3... Inaxito, Trikuarri taldearekin. Eguna amaitzeko auzo afaria gaueko 21:00etan.

Ostiralean jaien jarraipena
Ostiral arratsaldetik igandera bitartean egitaraua ekitaldi ugariz osatua dago. Arratsaldea kalejirarekin hasiko dute eta ondoren haurren txanda izango da haur jolas eta altxorraren bilaketarekin. 18:30etan 39garren Tiro karabina lehiaketa izango da. Arratsalde amaieran gosea somatzen hasten direnentzat tortilla patata lehiaketa egingo dute eta ondoren Zelaia, Oialume-zar, Oiarbide, Sarasola, Mendizabal, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petritegi eta Larre-gain sagardotegien eskutik sagardo dastaketa mundiala izango da. Eguna primeran amaitzeko, gaueko 23:30etan Laiotz taldearekin dantza egiteko aukera egongo da. Gainera, atsedenaldian gau jolasak egingo dituzte.

Larunbatean VII. abere dema
Aurreko bi egunetan bezala, goizean goiz kalejira izango da. Eguerdiko 13:00etan jaietan ohitura den moduan ´gure artean ez daudenentzat, falta direnentzat, ditugunentzat` oroigarri xumea egingo dute goiko Aristian. Ondoren 14:30etan bazkari herrikoia egingo dute. Eguneko ekitaldi nagusienetakoa gaueko 23:00etan izango da, VII. abere dema Imanol Fagollaga eta Joseba Azkonetaren abereen artean. Eguna, gaueko 24:00etan Trakets taldearen dantzaldiarekin amaituko dute. Goizaldera, urteroko moduan, Platano dantza lehiaketa ere izango da.

Igandean Euskal Festa aizkolari, bertsolari eta trikitilariekin
Igandea nahiz eta festetako azkeneko eguna izan egitarau aldetik egun potoloenetarikoa da. Goizeko 10:30etan Dianak emango dio egunari hasiera. Ondoren, egunaz disfrutatzen hasteko bermuta izango da hamaiketako garaian.

Euskal Festa
Eguerdiko 12:00etan aizkolariek emango diete hasiera Euskal Festari. Azurmendi izango da alde batetik O. Larretxea eta Etxebeste (Burni) bikotearen aurka. Segidan Joseba Ostolaza, Guardiko Suharri eta Uxarbeko Saizarren arteko lehia izango da harria jasotzen. Bazkalorduan, 13:00etan, bertsolari saio berezia izango da Sebastian Lizaso eta Amets Arzallusen bertsoekin. Arratsaldean aldiz, 17:00etan, haurrak izango dira auzoan musika jarriko dutenak XII. Trikitilari Gaztetxoen Txapelketan, herri ezberdinetako parte hartzaileak egongo dira, tartean Irati eta Maider Ugalde bikote Hernaniarra. Bertso gehiago entzun nahi dutenek izango dute aukera bi bertsolariek emango duten bigarren bertso saioarekin arratsaldeko 19:00etan. Ondoren, famatua den txinga proba egingo da. Hau amaitutakoan Bidebatez taldearekin dantzaldia izango da eta aurtengo festei amaiera gaueko 23:00etan auzoan zehar egingo den kalejirak emango die.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!