Donosti Cup martxan da gaurtik. Gaur harrera egingo diete talde parte hartzaileei eta bihar hasiko dira lehenengo faseko partiduak. Urtero bezala, Hernaniko taldeak ere izango dira txapelketan, aurten zehazki lau; bestalde, Zubipen ere partidu asko izango dira, hernaniarrenak eta hernaniarrak ez direnenak, talde eta partidu asko izanik, zelaiak erabat aprobetxatzen baitituzte.
Hernaniko lau talde
Lau talde hernaniar izango dira, CD Hernanikoak denak. Batetik, 16 urte edo gutxiagoko jokalariena (G-16 kategoria), CD Hernani izenarekin jokatuko duena; bigarrena, 15 urte edo gutxiagokoena (B15), Kom izenarekin ariko dena; hirugarrena, 13 urte edo gutxiagokoena (B-13), Hernaniarrak izenarekin ariko dena; eta laugarrena, 12 urte edo gutxiagokoena (B-12), hau ere CD Hernani izenarekin ariko dena.
Hernaniarrak etxean eta kanpoan
CD Hernani taldeak (B-12), San Ignacio 1 eta Anoeta 1 zelaietan jokatuko ditu partiduak Amaikak Bat A, FC ST Martin Sur Le Pre eta Villa de Anguianoren aurka. Hernaniarrak taldeak (B-13) zortea izan du eta etxean jokatuko du Sanse, U.K. Elite Soccer eta Rottweiler taldeen kontra. Kom talde hernaniarrak (B15) ere hirutik bi partidu Zubipen jokatuko ditu, Dekosular eta U.K. Elite Socceren kontra eta A.D. Moypagas Mondysaren kontra Herreran. CD Hernanik (G16) partidu bakarra jokatuko du Zubipen, C.F.F. Maritimen aurka, eta beste hirurak Herrera, Martutene eta Zubieta 4 zelaietan jokatuko ditu, Amaratarra, Gazteleku Antiguo eta Burlingame Fury taldeen kontra.
40 partidu inguru
Zubipen aste osoan zehar Uztailaren 6tik 13ra izango da Donosti Cup eta astebetean gutxi gora-behera 590 partidu jokatuko dira. Horretarako zelai mordoska behar izaten dituzte, besteak beste, Zubipe. Antolatzaileen esanetan, Hernaniko zelaian 40 bat partidu jokatuko dira gutxi gora-behera. Hauek dira bihar Zubipen jokatuko diren partiduak: 10:00etan, B-19 mailako Ostadar-Txelsi FC; 11:00etan B-14 mailako FC Neufchatel-Vasconia CD; 12:00etan B-19 mailako Kontadores Gaztelekua-UD Talavera B; 13:00etan B-19 mailako UD Talavera A-IBR; 15:30etan B-13 mailako Sanse-Hernaniarrak; 16:30etan B-19 mailako Valencia CF-San Patricio; 17:30etan B-15 mailako Kom-Dekosular eta 18:30etan G-16 mailako CFF Maritim-CD Hernani.
Txapelketa sistema
Taldeak 4 edo 5 taldeko multzoetan banatuko dira eta taldeek itzuli bateko ligaxka jokatuko dute, astelehenetik asteazkenera. Multzo bakoitzeko lehenengo eta bigarrenak Txapeldunen ligarako sailkatuko dira eta hirugarrenak eta laugarrenak kontsolazio fasea jokatuko dute.