Dena ondo lotuta, ekintza eta jolasez betetako hilabeteaz gozatzeko

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 6a, 02:00

Udaleku irekien aurreneko astea pasa da, ez dute meritu makala udaleku irekietako zuzendari, koordinatzaile eta begiraleek, 570 haur zaindu eta mugiarazteko. Udalekuak Udaletxeko Euskara Zerbitzuaren ekimenez antolatzen dira eta Urtxintxa taldeak kudeatzen ditu. Haur kopuruak noizbait ere topera iritsiko zela pentsatu izan da, baina egia esan udalekuak martxan izan diren 20 urteetan, urtetik urtera haur gehiagok ematen du izena. Haurrak eta gurasoak gustora daudenaren seinale.

Hiru adin tarte eta 76 begirale
Hainbesteko haur kopurua gobernatzeko adin tarte ezberdinetan banatuko dituzte. Talde batean, 3 eta 5 urte arteko haurrak daude, txikienak; beste multzo batean 5 eta 7 urte arteko haurrak daude; eta haudienen taldean, 7 eta 10 urte arteko neska-mutikoak. Begiraleak ere mordoxka daude, guztira 76. Horiez gain, adin tarte bakoitzeko koordinatzaile bat dago eta azkenik zuzendaria.

Ekintzez betetako hilabetea
Udaleku irekietako zuzendaria den Xabier Lertxundik azaldu du horrelako erronkaren aurrean inprobisazioari ahalik eta tarte txikiena egiten diotela, hau da, udaleku irekiak hasterako dena ondo lotuta egoten da. Udaleku irekitako aurreneko egunetan, elkar ezagutzeko jokoak egin dituzte. Horrez gain eguraldiak lagundu duenetan irteerak egin dituzte: ur parkera eta hondartzara, esaterako. Atzo txikienek akelarrea antzeztu zuten eta adin tarte haundiagokoak euskal festa egin zuten, herri kirolekin. Astelehenan, San Ferminetako txupinazoa egingo dute Udaleku irekietan, goizean mozorroak prestatu, eta egurdiko 12:00etan pregoia irakurriko dute udaletxeko balkoitik. Hortik aurrea jokoak egingo dituzte, lanbide ezberdinak ezagutzeko enpresa ezberdinak bisitatuko dituzte, ur festan parte hartuko dute, baserri ezberdinak ezagutuko dituzte, baita Nere Borda parke botanikoa ere. Horrez gain, egun osoko irteerak ere aurreikusi dituzte: Urgulera eta Lauaxeta parkera, esaterako.

Eguraldia pegarik haundiena
Xabier Lertxundik azaldu du, haurrei gehiena urarekin lotutako ekintzak gustatzen zaizkiela. Hori dela eta, eguraldia izaten da udaleku irekietako pegarik haundiena: «euria egiten duenetan, hondartzara edo igerilekura joan beharrean, ikastoletako aterpeetara joan behar izaten dugu, eta haurrak asko desanimatzen dira». Iaz ez omen zuen primerako eguraldirik egin eta aurten ere iragartzen ari dira uda euritsua etorriko dela.

Kirol udalekuak 11 eta 12 urtekoentzat
Udaleku irekietaz gain kirol udalekuak ere antolatu ditu Euskara zerbitzuak. Kirol udalekuetan 11 eta 12 urteko neska mutilek hartzen dute parte eta denetariko kirolak egiten dituzte: piraguismoa, eskalada, patinajea eta bizikleta, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!