Nola baloratu duzu txapelketan egindako lana, zein formatotan aritu zara gustuen, zeinetan ez zara hain gustura aritu?
Ez da erraza formato bat aukeratzea. Normalean ofizio lanean ibiltzen naiz gustura. Baina finalean behintzat, ofizioko lanarekin ez nintzen batere gustura geratu. Uste dut ondoen bakarkako lanean aritu nintzela.
Txapelketan botatako zein bertso duzu gogoan?
Jendeak esan dit Gipuzkoan bigarren geratu nintzenean bota nuen bertsoa xelebrea izan zela. Azpi deitzen didatenez, esan nuen ´Azpi ez da txapeldun gelditu, azpi txapeldun baizikan`; gutxi gora behera honako hau izan zen bertsoa:
Lehenik eta behin eskerrik asko
denoi etortzeatikan
hamaika txalo eta oihu entzun
ditugu gogor hortikan
bertso Eskolako jendearekin
badaukat nahiko zorrikan
gaur Azpi ez da txapeldun izan
azpitxapeldun baizikan.
Zein da zure bertso neurri gustukoena?
Errezen ibiltzen naizena zortziko handia da. Gure txapelketetan gehien erabiltzen den neurria da eta bertso eskolan ere asko erabiltzen dugu. Beraz, erosoen zortziko handiarekin ibiltzen naiz.
Zein tono edo klabeetan aritzen zara gustura?
Denetatik pixka bat. Batzuetan umoretik eta beste batzuetan seriotik ibiltzen naiz. Halere, beti umore puntu bat sartzea gustatzen zait.
Zein duzu bertsorako inguru gustukoena?
Ni hortarako nahiko xelebrea naiz; bertsolariei askotan plazan ibiltzea gustatzen zaie eta niri ez, oso urduri jartzen naiz. Nahiago ditut txapelketak edo afari bueltak, plazak baino. Zein da zure bertsolari gustukoena? Aukeratzea zaila da. Ni Maialen Lujanbio eta Unai Agirrerekin geratzen naiz. Maialenek denetatik dauka eta gainera oso umore fina erabiltzen du. Unai Agirre berriz, garai bateko bertsolarien antzekoa da. Errimak asko lantzen ditu, bere bertsokera eta kantakera asko gustatzen zaizkit. Lehengoetatik Txirrita aukeratzen dut; bere bertso sortak irakurtzerakoan... nahiz eta aspaldiko bertsolaria izan, gaur egun bertso horiek abestuko edo idatziko balira, berdin-berdin onak izango lirateke.
Zein da zure ustez gaur egungo bertsolarien eta garai batekoen arteko alde nabariena?
Lehen bertsolariek askoz hobeto kantatzen zuten, erritmo hobearekin, baina orain bertsoak hobeak direla uste dut. Lehen kantatzen ibiltzen ziran gauza handirik esan gabe, baina orain edukia hobea da.
Gaur egun bertsolaritzan formato berriak ari dira sortzen: bertso antzerkia, bertso musikatuak... Zein iritzi duzu formatu hauei buruz?
Oso aberasgarriak dira. Garaiak aldatzen ari dira eta bertsolaritzak garai horietara egokitu behar duela uste dut. Ezin gara geratu sagardotegietako bertso giroarekin.
Nondik datorkizu bertsotarako afizioa?
Familia bertsozalea da baina ez dago bertsolaririk. Ni ikastolan jarri zuten Bertso Eskolan hasi nintzen eta gustatu egin zitzaidan. Añorgan hasi nintzen, 11 urterekin, hango Bertso Eskolan, Amaia Agirre eta Beñat Gaztelumendi irakasleekin. Hernanira 13 urterekin etorri nintzen eta Agirrezola, eta gero Estitxu eta Ixiar Eizagirre bixkiak izan ditut irakasle. Orain ni ere irakasle nabil 9-10 urtekoekin. Gustura ibiltzen naiz, irakasle beharrean ginen eta bakoitzak talde bat hartu zuen.
Zer da Bertso Eskola zuretzako?
Bigarren kuadrila bat daukadala esan dezaket. Bertsotan ikastera etorri naiz baina bizitzako beste gauza asko ere ikasi ditut. Gaur egun nire bizitzan garrantzitsua da bertso eskola.