«Lehen jendea beste festa gose batekin etortzen zen. Orain jendeari dantza egin araztea izugarri kostatzen da»

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 6a, 02:00

Oialumeko dantzaldiak ezagunak dira eta ziren probintzia osoan, zein da zuen sekretua?
Batez ere aspaldikoa dela, orain etortzen diren gazteen gurasoak eta aiton-amonak hemen ezagutu ziren eta horrek gantxo pixka bat dauka. Halare, orduko dantzaldiak bukatu ziren, orain disko festak mugitzen du izugarrizko jende pila.

Arrakasta ikusita, zergatik ez duzue dantzalekua igandero irekitzen lehen egiten zenuten moduan?
Fetxa konkretuak bilatzen ditugu, hurrengo egunean gazteak lo egiteko aukera izan dezala. Oraingo gazteak ez dira lehengoak bezalakoak, lehen gauean 12ak arte dantzan ibili eta astelehenean lanera joaten ziren.

Zertan ezberdinduko zenituzke lehengo eta oraingo festak Martindegin?
Lehen askoz xinpleagoak ziren, musika eta soinu jotzaile bat bakarrik ezagutu nituen. Oialumeko bilerara soinu jotzaile bat etortzen zen, aspaldiko kontuetaz ari naiz hitz egiten, eta gero festetan, berezi bezala, soinu jotzailea eta jazzbana etortzen ziren. Jende pila bat etortzen zen, familiekin ere bai. Orain oso ezberdina da, lehen jendea beste festa giro, festa gose batekin etortzen zen, eta dantzara etortzen zen. Orain jendeari dantza egin araztea izugarri kostatzen da.

Zein jende mota etortzen da?
Inguruko jendea etortzen da, beti baserritar jendea izan da. Etorriko dira Urnieta eta Andoain aldeko matrimonio batzuk, baita Astigarra aldetik eta Hernani aldetik ere.

Urtero festak antolatzen dituztenentzat, dituzuenontzat, ez da gauza erraza izango, ezta?
Nahiz eta ni orain ez nagoen jai antolatzaileen barruan zaila izaten da. Orduan ere urtero berdintsua izaten zen. Gu hasi ginenean, nik hamalau urte inguru izango nituen orduan, beti zerbait berria egin nahi izaten genuen, korrikalariak, aizkolariak, harri jasotzaileak... urtero-urtero behintzat hauen aurpegia aldatzen saiatzen ginen, eta dira.

Lau egunetan ekitaldi ugari daude. Zein egunetan etortzen da jende gehien?
Ostirala polita izaten da, sagardo probaketa egiten dugu eta jendea animatzen da. Dantzaldian ere giro polita izaten da, ez da jende asko etortzen, baina bueno. Larunbatean aldiz, nahiz eta ostiralean baino jende gehiago etorri egun motelagoa izaten da. Igandea ezberdina da, famili girokoa gehiago, eguerdian apustuak eta izaten dira eta inguruko jendea hurbiltzen da, baserritarrak. Arratsaldean trikitixa txapelketa jartzen dute, familiakoak eta horrela etortzen dira.

Azken hiru gauetan dantzaldia dago, ostiralean Laiotz, larunbatean Trakets eta igandean Bidebatez. Jende gehiena mugitzen duten ekitaldiak hauek izaten al dira?
Dantzaldiak ez dute lehen bezala mugitzen. Etortzen direnak saiatzen dira giroa jartzen, batzuk lortzen dute eta beste batzuk berriz, ez. Jendeari kosta egiten zaio dantzan hastea. Nik urte askotan jo nuen eta azken aldian plazatara joaten nintzenean eta, jendea geldirik ikusteak... bihotza kixkurtu egiten zitzaidan. Beraz 2001garren urtean Trakets taldean jotzeari utzi nion. Hala ere, gaur egun badaude talde batzuk inor dantzatzen ez egon arren, musika jotzen oso ondo pasatzen dutenak.

Zuek, Oialume tabernak, jaietako ekitaldi bat baino gehiago antolatzen dituzue, ezta?
Auzoko gazteentzat bazkari bat egiten dugu eta animatzen dira. Nire lagunak zirenak ere etortzen dira, eta hurrengo generazioa eta hauen seme-alabak ere etortzen dira. Denetatik etortzen da. Taberna horrelako egun berezietan, sagardo denboraldia eta dantzalekuan jaia egiten dugunean bakarrik irekitzen dugu.

Igandean Euskal Festa izaten da. Horrelako egun potoloa antolatzen asko kostatzen al da?
Aizkolariak eta gainerakoak lanerako egoten dira, desiatzen deitzeko. Uda partea izaten da beraientzat epokarik onena, sos batzuk orduan ateratzen dituzte. Gainera baten bat okupatua badago segituan beraiek ematen dizute ordezko baten aukera... hau edo hura libre dago... lagunak... beraien artean asko laguntzen dira, gogoa dute.

San Fermin jaiak, berez ezagunak Euskal Herrian, Iruña eta Lesakakoak dira. Nola animatuko zenuke herriko edo inguruko jendea Martindegira etortzeko?
Hau txikia da eta herri giroko festa topa dezakete. Iruñara joaten direnei festa haundia gustatzen zaie eta jende asko badago orduan eta hobe. Baina badaude beste batzuk lasaiago ibiltzea gustatzen zaienak. Lehengo egunean batek komentatu zidan Lesakara joan eta ez zegoela ezertako tokirik, ez aparkatzeko, ez tabernetan trago bat hartzeko eta azkenean Oialumera etortzea erabaki zutela. Bertara etorri eta nahiko trago hartu eta parranda politta bota omen zuten.

Urte pila daramatzazu bai festen antolakuntzan eta baita dantzaleku eta tabernaren arduradun moduan; esperientzi hori dela eta, anekdota eta gertaera ezberdin pila edukiko dituzu, ezta?
Bai, adibidez, hemen festak egiteko dirurik ez genuen izaten eta festak nolabait antolatu beharra zegoen. Gogoratzen naiz urte batean Txikito Ruiz oso korrikalari famosoa zela eta haren kontra ibili ginen. Felix Arozena aizkoran eta baita Txikito Ruiz bera ere. Gero harek tronkoa bukatu zuenean korrika eta ni ere korrika. Arozenak Txikitok baino lehenago bukatu zuen tronkoa eta ni lehenago irten nintzen korrika. Txikitori irabazi egin genion eta horrela jai giroa ere sortu genuen. Boxeo konbateak ere antolatzen genituen eta dirurik ez zegoenez ni neu ibili nintzen boxeadore eta ondoren musika jotzera igo nintzen, beraz, denetik egin behar izan dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!