sAN Joan festetako balorazioa egin du Marian Beitialarrangoitia alkateak prentsa ohar baten bidez. Bigarren urtea du Alkatetzan eta bere esanetan aurtengo San Joanak iazkoak baino hobeto eta lasaiago joan dira, «nahiz eta aurrekoak ere ondo joan ziren»; beraz, guztiak zoriondu nahi izan ditu. Aipatu du aurtengo jaiak astean zehar izan direla eta horren eraginez bisitari gutxiago izan direla, hau da, jendetza izatera ez dela iritsi. Horrekin batera, kalean izan den giro bikaina eta alaitasuna azpimarratu ditu, «Hernaniko festen ezaugarri nagusietako bat».
Hernaniar guztiak gogoan
Alkateak prentsa ohar honetan herritar guztiak izan ditu gogoan, «jakina da festetan askok ordu txikiak arte luzatzen dutela parranda, eta edaria eta bestelakoak lagun izaten dituztela, horrek dakartzan gorabehera guztiekin». Datorren urterako gauzak nola bideratu aztertu beharko dela adierazi du, «ahal den neurrian parranda eta deskantsua, jaia egunez eta gauez egin nahi dutenek, guztiek toki izaten jarrai dezaten, elkarri gehiegi oztopatu gabe». Tartean, ordutegiak nahi bezala errespetatu ez direla aipatu du Alkateak, «Tilosetako inguruan bizi direnen atsedena behar baino gehiago urratuz». Bestelako neurrien beharrik gabe konponbidea bilatzeko ahalegina egingo dela aipatu du honekin lotuta.
Lanean aritu direnentzako
Alkatearen esanetan asko dira herritarrek festetan gozatzeko lana erruz egin dutenak, «bai jaietan bertan eta baita aurretik ere». Adierazi duenez, askotan oharkabean pasatzen zaizkigun gauza askok egiten dute amaieran festen balorazio ona egitea. Beraz, Marian Beitialarrangoitiak ixilpean egiten den lan hori azpimarratu nahi izan du, «kulturako zinegotzi eta langileena, udaltzainena, garbitzaileena, obretakoena... eta baita festa giroa hurbiltzen diguten guztiena ere». Festek iraun duten bost egun hauek «aurretik ditugun 360 egunei indartsu heltzeko» balio izatea espero duela azaldu du Alkateak, «guretzat baliagarri izan dira, indarberritu gara eta hemendik aurrera lana egitea dagokigu». Prentsa oharra herritarrak zoriontzen amaitzen du, «guztion artean egin dugu posible 2008ko San Joanak gogoan hartzeko modukoak izatea» azpimarratu du.