HERNANIK badu turismo bulegoa, atzo ireki baitzituen ateak zerbitzu berriak. Bulegoa, kalean jarri dute, Urbieta kalean, Atsegindegi eta Kiroldegi artean. Inguru honetan, turismo aldetik, Donostia eta kostaldea izaten dira bisitariengan interes gehien pizten dutenak, baina Hernani inguruan ere bada zer ikusi eta gozatua. Bulegoak informazio guzti hori bisitarien eskura jarri nahi du: Kaxko Historikoko gune garrantzitsuak; lo egiteko ostatu, jatetxe eta telefono zenbaki interesgarrien berri ematen duen herriko mapa; Nere Borda parke botanikoari buruzko eskuorria; ur parkeari buruzko informazioa; garraio publiko ezberdinen ordutegiak eta abar eskura daitezke turismo bulego berrian.
Aurten froga moduan
Zerbitzua uztaila eta abuztuan zehar izango da irekita. Aurten lehenengo aldia izanda, Udalak aztertu nahi du zein harrera duen zerbitzuak, eta harrera ona izango balu, aurrerantzean ere zerbitzuarekin jarraitzea aztertuko luke. Atzokoari dagokionean, esan daiteke bulegoak harrera ona izan zuela, ireki eta berehala jendea gerturatu baitzen paper eta folletoak kuxkuxeatzera.
Ordutegia
Zerbitzua goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara izango da zabalik, lanegunetan. Igande eta jai egunetan goizeko 10:00etatik 14:00etara izango da zabalik. Astelehenetan itxi egingo dute.