Zinkoeneako obrak hasiko dira astelehenean eta Atzieta kalea itxiko dute

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 1a, 02:00

ZINKOENEa urbanizatzeko obrak astelehenean hasiko dira. Obra honen helburua da Zinkoenean oinezkoek lehentasuna izatea, batetik; eta bestetik, erdigunera sartu beharrik ez duen trafikoa kanpoaldeko bideetara bideratzea. Obrek hiru hilabete iraungo dute eta bitarte horretan ezingo da kotxearekin Atzieta kalean sartu.

Atzieta itxiko dute eta sartzeko pegatina beharko da
Obrek Kale Nagusia eta Kardaberaz kale bukaera, iturria dagoen ingurua, kioskoaren ingurua, autobus geltokia eta Balantxako aldapa hartuko dituzte. Hori dela eta, ezin izango da Atzieta kalean sartu, gero ez baita ateratzeko modurik izango. Hala ere, udalak kotxea Kaxkoan helbideratuta dutenei pegatina bat emango die, Atzietan sartzeko aukera izan dezaten. Zehazki, honako kaleetan izan behar da kotxea helbidaratuta: Kale Nagusia, Kardaberaz kalea, Zapa kalea, Plaza Berri, Gudarien Plaza eta Atzietan. Kale horietan kotxea helbideratuta dutenek udaletxera joan beharko dute pegatina bila eta kotxeko zerga ordainduta izanez gero eskuratuko dute. Ordaindu ez dutenek, zerga ordainduta eskuratuko dute pegatina. Pegatina eskuratzeko ordutegia honakoa da: 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara. Larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara. Pegatina kotxean eraman beharko da, bistan, obrak iraun bitartean eta hori izango da Atzietan sartzeko modu bakarra. Ateratzeko, lanean ari diren orduetan, Kardaberaz kaletik jaitsi, Kale Nagusian sartu eta Urbieta kalean barrena atera beharko dute. Iluntzean, lanak bukatzean bakarrik izango da aukera Zinkoeneara jeisteko. Gainerako kotxeek ezin izango dute Atzietan sartu obrak irauten duen bitartean.

Oinezkoek lehentasuna
Zinkoeneako obren bidez, Kaxkotik Agustinara arteko bidea dena bat izango da. Tartean dagoen errepidea karril bakarrekoa eta mantxo ibili beharrekoa. Balantxa trafikoari itxiko da, eta bertako bizilagunak Karabelgo tuneletik sartu beharko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!