Eguraldiak laguntzen duenetan, ur parkea bete-betea

Kronika - Erredakzioa 2008ko uzt. 1a, 02:00

uR parkeak harrera ikaragarri ona izan du ireki eta aurreneko egunetan. Eguraldiak ez du gehiegi lagundu, baina eguzkia atera denetan puntaraino beteta izan dela aipatu diote Kronikari bertako langileek. Esaterako, ur parkea ekainaren 20an ireki zen arratsaldetik eta hurrengo egunean, larunbatean, jendez lepo izan zen ur parkea.

Asteburua eta eguraldia ona klabeak
Pentsatzekoa den bezala, ur parkera jende gehiena eguraldi ona egiten duenetan, eta jai egunetan joaten da. Sarrerako langileek azaldu dutenez, halakoetan jendea egun pasa joaten da: «gehienak familiak izaten dira, aita, ama eta seme-alaba txikiak. Goizean goizetik etortzen dira, bazkaria, neberak, tunbonak eta horrelakoak hartuta». Horrelako egunetan jendea goizeko 10:30etan atean zain egoten omen da, ilara luzea eginez. «Goizeko 11:00etan hasi eta 12:00etara, 1.000 pertsona inguru sartzen dira ur parkera, eromena izaten da. Hortik aurrera lasaiago ibiltzen gara». San Joanen bueltan ez da hainbeste jende joan, eta atzo ere jendea bazebilen, baina ez ikaragarri. Hemendik aurrera, eta eguraldiak laguntzen badu, espero da jende gehiago ibiltzea.

Gehienak uda osoko bonoarekin sartzen dira
Bono sistemak ere arrakasta izan du, jende gehiena bono bidez sartzen baita. Izan ere, dezentez merkeagoa ateratzen da sarrera, ur parkera behin baino gehiagotan joateko asmoa bada behintzat.

Liburutegia eta taberna
Ur parkean badira hainbat zerbitzu, putzuaz gain. Esaterako azken urteetan bezala, liburutegi zerbitzua izango da, arratsaldeko 16:00etatik 19:30etara. Nobelak, aldizkariak, komikiak eta umeentzako ipuinak izango dira aukeran, bertan irakurtzeko edo nahi izanez gero, maileguan etxera eramateko. Liburutegiaren inguruan mahaiak jarri dituzte jendeak irakurtzeko. Taberna ere bada parkean eta pizza, bokata, pintxo eta litxarkeriak dituzte aukeran, egun osoan zehar.

Prezioak
• Kiroldegiko bazkideek:
-Bono familiarra: 62 euro.
-Bonoa ( 18 urtetik gora): 41 euro.
-Bonoa (18 urtetik behera): 27 euro.
• Bazkide ez direnek:
-Bono familiarra: 123 euro.
-Bonoa ( 18 urtetik gora): 81 euro.
-Bonoa (18 urtetik behera): 50 euro.
• Egun baterako sarrerak: (bazkide izan edo ez izan)
- 3 urtetik behera: 2,10 euro.
- 3-18 urte bitarte: 4,30 euro.
- 18 urtetik gora: 6,30 euro.
Ordutegia
• Irailaren 15era arte, egunero, 11:00etatik 20:30etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!