Gaur hasiko dira Udaleku irekiak Hernanin, eta koadrila haundia ikusi ahal izango dugu kalean barrena, uztailaren 30era artean. 3-10 urte arteko 570 ikaslek eman dute izena aurten eta 76 begirale ariko dira hauek guztiak dinamizatzen. Horrez gain, 3 koordinatzaile eta zuzendari nagusi bat ere badituzte Udaleko Euskera Zerbitzuak antolatutako Udaleku ireki hauek. Xabier Lertxundi zuzendariak Kronikari azpimarratu dionez, ia guztia antolatuta dute dagoeneko «ahalik eta gutxiena inprobisatu behar izateko». Izan ere, asteburu guzti batean aritu dira horretan begirale, koordinatzaile eta zuzendaria.
Aurten, Gora San Fermin!
Zer ekitaldi nagusi egingo dituzten galdetuta, zerrenda luzea da, egunero egunero ibiliko baitira ikasleak. Igerileku irekiek joko haundia ematen diete udalekuei eta talde guztiak pasako dira bertatik: «ura dagoenean ez dago ezer antolatu beharrik, ikasleek pipa pasatzen dute». Horrez gain, ur festa, irteerak, hondartza, Papelerara, Iparlatera eta EITBra bisita... non gozatu asko izango dute; eta iaz egin ez eta aurten berriz egitekoa dutena, San Ferminetako festa.
Parte hartzea
Urtero azpimarratzen den beste gauza bat, komertzio eta herritarren parte hartzea da. Udalekuetako gaztetxoek bizia ematen diote herriari, eta merkatariek oso jarrera ona erakusten dute eta ekintzetan laguntzeko prest izaten dira, arduradunek Kronikari azaldutakoaren arabera. Aurten ere besoak zabalik hartuko dituzte ura eskatzera, edo galderaren bat egitera inguratzen diren gaztetxoak.
Gaur egungo beharretara egokitua
Urtez urte Udalekuetako ikasle kopuruak gora egiten du. Arrazoietako bat da gaztetxoek primeran pasatzen dutela, baina gurasoen beharrei dagozkien arrazoiek ere badute pisua. Gaur egun, gurasorik gehienek egiten dute lan, eta uztailean jairik ez dutenentzat seme-alaben opor garaia antolakuntza zaila eskatzen duena da. Udaleku irekiek aukera ematen dute gazte hauek egunaren zati bat opor giroan pasa dezaten.
Lau helburu nagusi dituzte udaleku irekiek: ikasleek ondo pasatzea, udalekuak euskeraz egitea, Hernani eta ingurua ezagutzea, natura eta nekazal mundua; eta haurrek parte hartzea ekintzetan.