«Gaur egungo futbolean baloiak gelditzea ez da aski»

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 29a, 02:00

Athletic taldeko atezainak entrenatuko ditu datorren denboraldian Luis Llopis hernaniarrak. Lanari gogoz helduko dio, bere pasioa dela azaldu digu. San Joan jaien azken egunean hitz egin dugu berarekin telefonoz. Mallorcan harrapatu dugu, baina ez oporretan: hitzaldi batzuk eskaini ditu han atezainak entrenatzeko metodoez. Gaur egungo futbolean langa azpiko jokalariak duen betebeharraz oso ideia aurreratuak ditu Llopisek, eta bere esperientzia guztia Bilboko klubaren eskuetan jartzeko prest dagoela azaldu digu.

Talde askotan aritua zara eta orain Athletic-era zoaz. Nola sortu zen aukera? Joaquin Caparrosek deitu zidan, Athletic-eko entrenatzaileak. Beste entrenatzaile batzuek ere deitu zidaten, berarekin hitz egin zutela esateko: Juan Ramon Lopez Caro, Juan Carlos Mandia, Miguel Angel Portugal... Caparrosek atezainen prestatzaile bat nahi zuen, eta beste entrenatzaile horiek nire izena eman zuten. Nik hirugarren urtea nuen Real Madrilen eta oso pozin nengoen, baina Maria Eugenia eta Iñigo Donostian daude: Athletic bezalako talde batek deitzen dizu, lehen mailakoa, garrantzitsua; eta gainera Caparrosek deituta. Ni poz-pozik. Beste klubetatik ere deitu didate baina Real Madriletik ateratzeko eskaintza berezia behar nuen, oso pozik nengoelako. Baloratu dudana da futbolak orain etxera hurbiltzeko aukera eman didala; gero igual nahi izanda ere ezingo dut. Eta gainera Athletic-ek atezain oso ona dauka, lan ona egin dezakedala uste dut.

Futbol profesionalak beste gauza asko sakrifikatzera behartzen du ezta?
Hori da futbol mundua. Nik orain Madrilen bost urte gehiagorako berritu nezakeen kontratua. Mundu zaila da. Adibidez, Juan Ramon Lopez Carorekin Levantera joan baino lehen deitu zidan Santanderrera joateko ere, urtebetez han entrenatzeko. Baina ezin nuen joan, gauzak gaizki ateratzen badira lanik gabe geratzen zarelako. Orain momentua zen Euskal Herrira etortzeko. Erronka inportantea da: pixkanaka atezainen entrenatzaile modura hazten ari naiz; Madrilen egon naizen denboran jende asko etorri da beste klubetatik gure entrenamentuak ikustera. Jendeak lan horretaz hitz egiten du eta aukera berriak ateratzen zaizkizu. Lehengo astean, adibidez, Sevillan egon nintzen hitzaldi bat ematen, orain Mallorcan nago... Urte guztia gauzak egiten ari naiz.

Athletic-ek atezain historiko asko eman ditu: Iribar, Zubizarreta...
Klubaren filosofia etxeko atezainak ateratzea da. Lehenbiziko ekipoan dauden jokalariekin lan egingo dugu, baita Lezamako beste mailetan daudenekin ere. Beste teknikoekin metodo kontsentsuatu bat lortu behar dugu, elkarrekin aurrera joateko. Madrilen atezainen departamentua geneukan, lan tekniko-taktikoa, entrenamentu lerroak, metodoak... dena elkarrekin lantzeko. Hortik abiatuta lan egiten zen: konpetizioaren analisia egin etapa diferenteetan, eta abar. Athletic-en gauza bera egin dezakegula uste dut, etxean dauden teknikoen laguntzarekin. Helburua taldeak atezain onenak edukitzea da, harrobitik jokalariak horretarako formatzea.

Orain dela urte batzuk Euskal Herriak atezainak esportatu egiten zituen. Azken urteetan berriz, kanpotik etorritako jokalariek hartu dute postua goi-mailako talde batzuetan. Zergatik?
Hor nik nahiko klaro daukat asuntua: niretzat errendimenduaren oinarria entrenamentuan dago. Iruditzen zait klub guztiek eduki beharko luketela hautaketa lanak egingo dituen departamentu on bat. Hortik abiatuta egiten da lan hobekien. Atezainaren gaur egungo beharrak landu behar dira, joko estilo konkretu baterako prestatu, dagoen klubaren estiloarentzako. Adibidez, hartu Asier Riesgo: aurten oso ondo aritu da Realean, baina joan den urtean ez zuen jokatu eta aurrekoan momentu batzuetan bai, beste batzuetan ez. Athletic-en ere azken bi urteetan Unai Alba agertu da, gero Armando... Esan daiteke ez zaiela zukurik atera etxeko atezainei.

Atezainak jokoan gehiago parte hartu behar duela defendatzen duzu. Esplikatuko zenuke hori?
Baloiak gelditzea bakarrik ez da nahikoa gaur egungo futbolean. Atezainak kolektiboan garrantzi handia du: baloiarekin eta baloirik gabe jokatzen erakutsi behar zaio, jokoan dauden harremanak irakurri behar ditu, hau da, taldeko kideak, kontrako taldea eta baloia daukan jokalaria. Horrek guztiak atezainaren kokapena alda dezake eta bere parte-hartzea. Futbola aldakorra da eta egoera horiek guztiak entrenatu egin behar dira. Laburtzeko: atezainak isolatuta entrenatzen du, jokoaren testuingurutik kanpo, eta gero hasten da jokatzen. Nik aurrerapena ikusten dut entrenamentu integratuan, globalean alegia. Garrantzi handikoa da jokatzen hasita gertatuko diren egoerei erantzun taktiko eta teknikoak ematen jakitea. Jokoa ezagutu behar du atezainak eta hori formaziotik egin beharreko lana da. Eta hori garrantzitsua da, lehenik eta behin, atezainarekin bidegabeak ez izateko. Adibidez, atezain kadete edo jubenil bati partidu batean entrenatu ez dituen egoerak azaltzen bazaizkio, eskatzen diozu erantzun zuzena eman diezaiola ezagutzen ez duen galderari.

Zein ezaugarri izan behar ditu atezain onak?
Oso indartsua izan behar du atepean. Aurrenekoa, garrantzitsuena, baloiak gelditzea da. Baina atezaina prestatu behar duzu defentsa lerroaren bizkarrera emandako pase sakon bat irakurtzeko ere, jokaldia moztera atera dadin; edo lateral bat presionatzen ari badira, harengana hurbildu eta jokaldiari irtenbide taktiko bat ematen erakutsi behar diozu, baloia jokatuta ateratzeko; konpetizioaren analisia da dena. Hortik abiatuta kontzeptu tekniko eta taktikoak definitu behar dira kontsentsuz, entrenamentu lerro batzuk eduki, eta lerro horiek lantzeko metodoa. Pentsatu egin behar da: igandea iristen denean atezainak pentsatu egin behar du ezta? Ba entrenatzaileak ere bai. Errazena da bazter batera joan eta atezainari lau txute botatzea, jokalariak baloia blokatzeko. Baina ez, futbola aldakorra da.

Postu zaila da atezainarena, kritikak jasotzeko aukera haundiak izaten dira. Psikologikoki ere prestatuko dira jokalariak horretarako ezta?
Bai, dudarik gabe. Niri gustatzen zait atezainak estutzea, estres egoerak sortzea, ze maila altuetan jokatzen hasten direnean estadioak haundiagoak dira, jende gehiago joaten da ikustera... Akatsak egiteko beldurra, golak jasotzekoa... Horrelako egoerak ondo manejatu behar dira. Atezainak, jokoa ondo ezagutzeaz gain, karakter haundia eta pertsonalitate indartsua izan behar ditu. Formazio urteetan ikusten duzu, atezain batek hiru urtez segidan jubeniletan titular izan ondoren, nagusien mailako bigarren taldera pasa eta ez duela jokatzen. Egoera zailak dira, atezainari asko lagundu behar zaio maila psikologikoan. Klubek modu diferentean lantzen dute alor hori: adibidez, esango dizut, Sevilla futbol taldeak hamaika psikologo dituela.

Hamaika!?
Psikologia lantzea garrantzitsua da, ez bakarrik akatsen aurrean, baita jokoan erabakiak hartzeko ere. Mutilak akuilatu egin behar dira, indartsuak izan daitezela, beren burua baloratu dezatela. Jarrera konstruktiboa izan behar da, ez ibili «hau gaizki, hau ongi» esaten.

Entrenamentuak grabatzearen aldekoa zara. Zer hobekuntza ekartzen ditu horrek?
Real Madrilen aurten lortu dut hori kirol zuzendaritzaren bermearekin, hau da, Mijatovic eta Michel-ekin. Eta, nik uste, urte batzuen buruan mundu guztiak egingo duela. Klbaren maila guztietako jokalarien karpeta pertsonalizatuak geneuzkan, bakoitzak landu beharreko kontzeptuen irudiekin. Lan haundia da, baina irudiak edukita jokalariari erakustea askoz errazagoa da: erabakiak, posizioak, keinuak... Erabateko dedikazioa da atezainaren lana hobetzeko. Athletic-era ere nire esperientzia, ilusioa eta lana eramatera noa. Lan asko egin behar da, baina hau nire pasioa da. Bukatzeko, gaur Eurokopako finala dela aprobetxatuz: penaltietara iritsiz gero zein ikusten duzu hobeto, Lehmann ala Casillas? Nik Iker... Iker tipo haundia da. Ni hernaniarra naiz, euskalduna sentitzen naiz, baina orain lagunak dauzkat jokatzen. Iker ezagutzen dut, Alvaro Arbeloa, Ruben de la Red... Hala ere, espero dut penaltietara ez iristea. Gainera zera esango dizut: Lehmann eta Rustu bezalako atezain beteranoak aurreko Eurokopan oso ondo ibili ziren, baina dagoeneko heldu xamartuak daude. Aurreko Munduko Kopan comme si comme ça ibili ziren, ez dute jende gazteagoaren aldeko apusturik egin, eta orain benetan gaizki ibili dira. Lehmann ez da ondo ibili, Rustu ere ez... Ikerrek berriz, buruz-burukoan izugarrizko lasaitasuna dauka, ez sinesteko moduko erreflexuak, zutik eusten du ahal duen denbora guztia...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!