DENBORALDI ezin hobea egin ondoren Yone Boutique talde hernaniarrak lortu du futbol denboraldia hastean zuten ametsa betetzea, bigarren mailara igotzea.
Finala kiroldegian
Gaur, arratsaldeko 16:45etan hasiko dira liga amaierako partiduak Hernaniko kiroldegian. Lehendabizi, igoera fasean galdu zuten biek jokatuko dute hirugarren eta laugarren postuak banatzeko. Alde batetik Naturista Mª Carmen eta bestetik Allerru-Jaizkibel izango dira; partidua irabazten duena hirugarren postuan geratuko da eta bigarren mailako taldeek egiten dutenaren arabera agian izango du maila honetara igotzeko aukera ere. Ondoren, Yone Boutique futbol taldearen txanda iritsiko da. Partidua leku berean arratsaldeko 18:15etan hasiko da. Aurkari Prexkuk taldea izango du. Hernaniarrek lortua dute bigarren mailarako txartela, baina gaurkoan lehen postuan geratzea dute jokoan eta hori guztientzat da gustagarri. Partidu amaieran lau taldeentzat sariak izango dira. Ligako goleatzailearentzat ere izango da saria, Josu Alfonsorentzat, Yone Boutiqueko jokalaria bera. Aipatzekoa da baita ere igoera fasea jokatu baino lehenago, lehen postuan amaitu zuela Jone Boutiquek, nahiz eta gaurko partiduan hori izan jokatuko duena. Guztira 29 izan dira aurten jokatu dituzten partiduak eta ateratako emaitzak bikainak izan dira. Hauetatik 26 partidu irabazi egin dituzte, bi galdu eta bat berdindu. Julen Giraldok, taldeko entrenatzaile eta porteroa denak adierazi duenez, larunbateko partiduan ere irabaztera aterako dira. Gainera, helburua ez da lehen postu hori eskuratzea bakarrik izango. Astero Yone Boutique ikustera eta animatzera joan diren jarraitzaileak ere omendu nahi lituzkete gaur garaipena lortuta.
Etorkizunera begira
Esperantzarekin begiratzen dio etorkizunari talde hernaniarrak. Julen Giraldok esan duenez, orain helburua ez da bigarren maialan mantentzea bakarrik izango, lehen mailara igotzea baizik. Datorren denboraldian nahiz eta jokalari askok jarraitu egingo duten taldean, beste batzuk utzi egingo dute. Beraz, fitxaketak egongo dira.