Iritsi dira amaierara alaitasunez eta ekitaldi mordoz betetako aurtengo San Joan festak. Atzo gauerdiko 24:00etan, txupinazo egunean egin zuen moduan, Bertso Eskolak jaitsi zuen bandera plaza bete jende zegoelarik.
Ekitaldiz betetako eguna
Nahiz eta jaietako azken eguna izan, atzo izan zen ekitaldi ugariz gozatzeko aukera. Goizean goiz, azken egunetan bezala, Azeri Dantza atera zen, atzokoa mistoa. Jende asko bildu zen azkeneko Azeri Dantza ikustera. Ondoren, atzokoa baserritarren eguna izan zela kontuan izanik, aspaldian herrian ez bizitako erakustaldia izan zen, idi dema. Jende ugari bildu zen plazan, ikusmin handia sortu baitzuen probak, gainera eguraldiak ere lagundu zuen. Irabazlea Inaxio Telleriaren idi parea izan zen, Rubia eta Moro alegia. Gudarien plazan 28m prestatu zituzten proba egiteko. Telleriaren idi pareak 49 plaza egin zituen guztira 1400 kilo atzean zituztela. Iñaki Intxaurburuk Txato eta Rubia plazaratu zituen lehen aldiz. Guztira 31 plaza egin zituzten 1200 kiloko zama zutelarik. Segidan, harria jasotzen Perurena aita semeen erakustaldia izan zen. Eguerdian Urrezko aizkolari ligaren kanporaketa egon zen. Donato Larretxeakirabazi zuen, bigarren Lopoz geratu zen eta hirugarren Olasagasti.
Marrazki lehiaketa
Urumea Ikastolak antolatutako marrazki lehiaketako sari banaketa ere atzo egin zen. 3-5 urte bitarteko irabazlea Andoni Sancho izan zen, bigarren postuan Alex Esnal geratu zen. 6-9 urte bitarteko irabazlea Nagore Ancin izan zen eta bigarrena Mikel Martin. Azkenik, 10-13 urte bitarteko irabazle Oscar Lion izan zen eta bigarren postua Patricia Perezentzat geratu zen. Partehartzaile guztiek opari bana izan zuten.
Plater-tiro txapelketa
Nahiz eta jaiak amaitu, bihar goizeko 11:00etan probintzia mailako plater-tiro txapelketa izango da Santa Barbaran, ´Hernaniko Udala Sari Nagusia` jokatuko da hain zuzen.