Agur San Joan, ez zara gozatu gabe joan!

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 28a, 02:00

BERTSO doinuz amaitu zituzten aurtengo jaiak udaletxeko balkoian zeuden bertso eskolako kideek. Gaueko 24:00etan jaitsi zuten bost egunetan zehar igota egon zen bandera bertso lagunek. Urteroko moduan, atzokoan ere plazara jende mordoska hurbildu zen jaiei merezi zuten amaiera ematera. Ekitaldiz betetako jaiak izan dira aurtengoak. Astelehenetik hasi eta ostirala bitartean gustu guztietako emankizunak izan dira herritarrak gozatu zezaten. Atzo, baserritarren eguna, plazara hurbildu zirenek hala egin zuten. Aspaldian ez zen idi demarik egin herrian, beraz ikusmina handia piztu zen. Irabazle Inaxio Telleriaren idi parea izan zen, Rubia eta Moro, 49 plaza eginda. Herri kirolak ez ziren hemen bukatu; demaren ondoren aizkora eta harri jasotzea izan ziren: Perurena aita-semeek harriarekin erakustaldia egin zuten. Urrezko aizkoran berriz, garaile Donato Larretxea arantzatarra izan zen. Arratsaldean, pilotazaleek ere izan zuten partiduaz gozatzeko aukera kiroldegian. Estelarrean Xala-Barriola aritu ziren Mtz. de Irujo-Goñi III-ren aurka. Frontoia jendez lepo egon zen, urtean behin bakarrik egoten baitira maila honetako partiduak herrian. Bost egun luzeek, azkenean zazpi bihurtuak, anekdota eta esperientzia eder ugari utzi dizkie hernaniarrei. Datorren urteko San Jon jaietarako atzera kontaketa hasia da! yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!