Idi dema bihar Gudarien plazan, urte askoan herrian izan gabeko ikuskizuna

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 26a, 02:00

Auskalo zenbat urte diren, Hernani Kaxkoan idi-demarik egiten ez dela, mundu horretan dabiltzanek ez dute ikusi izanik gogoratzen. Bihar, erakustaldia emango dute Iñaki Intxaurburu hernaniarraren idi pareak eta Inaxio Telleria lasartearrarenak. Iñaki Intxaurburuk Plazara inoiz atera gabeko idi parea aurkeztuko du eta 1.300 kiloko harria ibiliko dute. Inaxio Telleriak gutxi plazaratutako idi ezkerra aterako du, eskarmentu gehixeago duen idi eskubiarekin. Telleriaren idi pareak eramateko 200 kilo gehiago erantsiko dizkiote harriari. Hogei minutuko txanda egingo du bakoitzak, bihar, goizeko 10:30etan hasita. Hernanin demarik ez izateak ez du esan nahi afiziorik ez denik. Hernanin bertan batek baino gehiagok ditu idiak eta hemendik aurrera dema asko izaten da, batik bat Bizkaian. Herriko festetan erakustaldiak izaten dira han eta hemen, bihar Hernanin bezala, eta horrez gain, txapelketak ere izaten dira zaletasun haundieneko lekuetan.

Baserritarren eguneko ekitaldiak
Bihar da baserritarren eguna, eta Elur Txorik zenbait ekitaldi antolatu ditu urteroko moduan. Aurtengo nobedadea, idi-dema izango da, baina horrez gain, herri kirolak ere izango dira, eguerdian. Urrezko aizkoraren barruan, Donato Larretxea, Xabier Orbegozo Arria V eta Jose Mari Olasagasti ariko dira, punta puntako hiru aizkolari. Deskantsuan, berriz, Perurena aita-semeek egingo dute erakustaldia. Bihar, eguerdiko 12:00etan, Tilosetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!