«Azukrezko algodoia festetako ezaugarri bat da, festetan bakarrik saltzen dena»

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 25a, 02:00

MARIA Nieves Egiduak hogei urte daramazki Hernaniko San Joan jaietara etortzen bere senarrarekin. Hain ezagunak diren azukrezko algodoiak saltzen dituzte, besteak beste.

Denok erosi dugu noizbait eta bakoitzak bere izena ematen dio, baina zein du berezko izena?
Egia da jendeak era askotara deitzen diola, bakoitzak bere era du, baina ezagunena azukrezko algodoia da. Hala eta guztiz ere, jendeak asmatutako beste bi izen badaude, zabaldu eta ezagunak egin direnak, bata `pelos` da eta bestea `barba de papa`.

Zerekin dago egina eta nola egiten da?
Azukrea eta kolorantearekin egiten da. Ontziak beroa botatzen du eta gainera bueltak ematen ditu. Bertan egoten da azukre eta kolorantearen arteko nahasketa egina. Beraz, txotxa ontziaren gainean jarri eta tamaina eta forma kalkulatu behar da. Daramakizkiten urteak eta gero, jada bakarrik ateratzen zaizkit.

Nondik dator ohitura?
Noizkoa den esatea ez da batere erraza, baina betidanik ezagutu dugu algodoizko azukrea. Gurasoei eta aiton amonei galdetuz gero ere ezagutu zuten. Orain ere heldua den jendea etortzen zait eta nik txikitan jaten nuen esaten dit.

Nork erosten du gehien eta zein da gehien erosten den ordua?
Gehien umeek eskatzen dute, gurasoekin hemendik pasa, ikusi eta atentzioa deitzen die. Halere, jende heldu ugarik erosten du. Batzuetan erostea lotsa ematen diela ematen du, errezeloz etortzen dira, nahiz eta nik esaten diedan adin guztietako jendeari zuzendua dagoela azukrezko algodoia, lasai egoteko, ez dutela zertan lotsatu.

Badago egunen bat bestea baino gehiago saltzen dena?
Ez, normalean ez. Hala ere asteburuetan edo jai tokatzen den egunetan nabaritzen da gorakada txiki bat, jende gehiago hurbiltzen baita. Baina gutxi gora behera egunean 200 inguru saltzen ditugu.

Festetan bakarrik jaten dira?
Bai. Azukrezko algodoia festetako ezaugarri bat da, festetan bakarrik saltzen dena. Norbaitek festetatik kanpo erosi nahiko balu, nik dakidala behintzat ez dago leku edo lokal zehatzik urte guztian zehar saltzen duenik. Orain pentsatzen jarriz gero, ez litzateke ideia txarra nik lokalen bat ipintzea (barre artean), pentsatu egingo dut.

Momentuan jan beharreko zerbait al da?
Bai, bestela azukrea urtu egiten da. Eguraldiak zerikusi handia du honekin gainera. Egun hauetan egiten duen hezetasuna egiten badu, hamar minutu inguru bakarrik iraungo du hasieran duen formak, hortik aurrera bolumena galtzen joango da. Aldiz, eguraldi ona egiten badu, gehiago irauten du.

Toke arrosa zerekin ematen diozue? Zergatik arrosa?
Kolorea koloranteak ematen dio. Kolorantea gorria da eta azukrearen nahasketarekin arrosa bihurtzen da, fresa zapore itxurakoa. Saiatu izan gara beste kolore batzuekin, urdina esaterako, menta zaporezkoa izango litzatekeena, baina betiko azukrezko algodoia arrosa da, eta hori da arrakasta duena, jendeak eskatu eta gehien saltzen dena.

Festaz festa ibilita, anekdota ugari izango dituzu ezta?
Bat edo beste bai. Behin gazte batek kuriositatez, algodoia behatzean itsatsia geratuko zitzaiolakoan eskua hurbildu eta algodoia nahasten eta mugitzen duen helizeak behatzean zauri galanta egin zion. Badira algodoi normala mikro-uhin labean sartu eta azukrea botata horrelako zerbait aterako zaiela pentsatzen dutenak ere, hori galdetzera etortzen direnak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!