PARADOREAK 70 urte beteko lituzke aurten zutik egongo balitz. Baina sute batek irentsi zuen eta badira urte batzuk haren kolore txuri-gorriek Tellerigaina alaitzen ez dutela. Hala ere, eraikin enblematikoa herritarren gogoan geratu da eta San Joan Konpartsak gure artera berpiztu nahi izan du aurten. Baina zerk eman dio bizitza etxe honi hainbeste urtean? Rewind azkar bat eginez gero segituan konturatuko gara pelikula honek fotograma asko dituela eta Paradoreak uste baino aurpegi gehiago.
Doroudier: San Antoniori lotutako abizena
Antonio Doroudier izan zen Paradorearen sortzailea. Aita, Fernando, frantsesa zuen, Hernanira etorri zen bizitzera Soledad Gastaminzarekin Urkola-enea edo Villa Alta izeneko etxera (ondoren, Villa San Antonio deitu zioten etxeari). Andrea alargundu egin zen eta haren semeak, Antoniok, ondoko lurretan ostatu bat eraiki zuen, paradore bat. 1937an Victor Eusa arkitektu nafarrak proiektatu zuen eraikina. Eusaren lanak ezagunak ziren ordurako, Donostiako Kursaal kasino zaharra berak egin zuen adibidez. Eibarko Koliseoarekin, Hernaniko Paradorea zen estilo modernistan Eusak Gipuzkoan egindako eraikuntza bakarrenetakoa. Beraz, hernaniarrentzat etxe kuttuna izateaz gain, balio handikoa ere bazen. Doroudierrek 1938an egin zuen negozioa jartzeko eskaera; hala ere, 1944a arte ez zituzten obrak amaitu. Eskaera ´edifizio-hotel bat` jartzeko egin zen, baina Paradoreak ez zuen sekula ostatu bezala funtzionatu, jatetxe modura baizik. Beheko partean sukaldea, harrera gela, saloia eta komedore handi bat zuen eta goiko pisuan bertakoentzako logelak. Eraikin dotorea zen, begiratoki ugari eta terraza eder batekin, ordura arte inguruetan ikusi gabekoa.
Komunioak, bataioak eta... emakumeak sukaldari
Hasieratik arrakasta itzela izan zuen jatetxe berriak. Diru pixka bat zuena hango su bajura hurbiltzen zen edo terrazan azeituna batzuk jan eta txokolatea hartzera. Atzeko partean ere, zerbitzuarentzako ate ondoan, mahai batzuk zeuden egoki jarrita. Hasieratik leku aproposa izan zen hura bazkari handiak egiteko. Esaterako, inauguratu zen urtean, 1944an, Papelera del Norte lantegia zabaldu zuten eta hori ospatzeko bazkari majoa egin zuten bertan. Isidro Ansorena txistulariari eta Manuel Rezola musikariari omenaldiak, bodak, komunioak... denetarik izan zen Paradorean; jangela handian zegoen pianoaz eta barra libreaz lagundurik, edo orkestinaz giroturik, ospakizun ederrak egin izan ziren bertan. Doruodierrek propaganda zabala egin zuen Euskal Herri osoan, baita atzerrian ere eta zerbitzuaren goxotasunak nahiz kalitateak nolabaiteko kategoria eman zioten jatetxeari. Horrela, probintziako politikari handikiez gain, sona handiko jendea pasatu zen bertatik. Herritarren artean kontatzen dutenez, behin Carmen Polo Francoren emaztea ere izan zen Paradorean, Aieteko jauregitik Hernanira etorri zen, zer eta patata tortilla jatera! Baina plater sofistikatuagoak ere egiten zituzten jakina: soufleak, chips patatak, mihi-arraina meunier eran... Horien guztien atzean ez zegoen chef izar baten eskua, emakume talde oso baten lana baizik, gehienak auzokoak edo ingurukoak: ´Ez zegoen, orain bezala, tituluarekin ibili beharrik; denak emakumeak, eta gero ez ziren inon agertzen!`, dio Eulali Aranburuk.
Turista ingelesen bisita: udako maitasun ezinezkoak
Bazuen Paradoreak ikutu europear bat. Urtero, udako sasoiarekin, turista mordoa etortzen zen ´atseden` hartzera; gehienak ingelesak eta frantsesak izaten ziren. Donostia inguruetan oferta ugari zegoen turistei begira: zaldi karrerak, hondartza... Hernani leku erakargarria zen, campiña atsegin bat, eta Paradoreak aukera ezin hobea ematen zuen bertan egun pasa egiteko. Lizeaga eta Elizatxoko auzotarrek bere etxeetan hartzen zituzten turista horiek apopilo, logela alokatuta. Beraz, udako hilabeteetan Paradoreak lana eta dirua ekartzen zuen ingurukoentzat. Badirudi Doroudierrek asmoa zuela pareko terrenoan, bidearen bestaldean, bezeroentzako koartoak jartzeko, baina ez zuen obrarik egin. Aldiz, ohikoa zen turistek kanpin dendetan lo egitea. Belaze horrek badu historia gehiago, horrela kontatzen du Joxan Ruizek: ´Guk zelai horretan beisbolera jokatzen genuen asko. Gero, futbolerako zelai bihurtu zen. Atsegindegi Torneoak 50 urte egingo ditu aurten; ba lehenengo bi urteetan txapelketa zelai horretan jokatu zen`. Ingelesen etorrerak ikusmin handia sortzen zuen herriko gazteen artean. Asko ziren Paradore ingurura hurbiltzen zirenak eta turistekin nolabaiteko harremana izan zutenak: ´Hemengo mutilak ikusi nahi bazenituen neska ingelesen atzetik ibili behar zenuen!` dio Mariasun Arregik. Baina udako maitasunak ziren horiek, etorri bezala joan zirenak.
Koartela, ikastola eta gaztetxea
70garren hamarkadan jatetxeak behera egin zuen. Beste esku batzuetatik pasatu zen, baina ez zuen hasierako oihartzunik berreskuratzea lortu. 1974an itxi zuten betirako. Doroudier ordurako hila zegoen eta haren alargunak eskaintza gozoa jaso zuen Espainiako Barne Ministeriotik bertan koartela jartzeko. Baina jabeek ezetz esan zuten. Paradorea 1985ean erosi zion Udalak Doroudier familiari. Alderdi politikoen arteko eztabaida askoren ondoren, Langile Ikastolak erabili zuen hamar urtez haur eskola bezala. Aldiz, azpiko lokalean Gaztetxea jarri zuten herriko taldeek. Beheko lokal hori bodega txiki bat zen lehenago, eta Txalaparta koadrilakoek erabili izan zuten San Joanetako entsaioak egiteko. Askotan egon ziren tentatuta erosteko, baina horretarako mediorik ez zuten izan. 1998ko apirilean sute batek teilatu guztia jan zion eta eraikina oso kalteturik atera zen gertaera hartatik. Ordutik etxeak ez zuen atarramendu onik izan. Asko izan ziren eraikina herritarrentzako ekipamenduren bat jartzeko eskatu zutenak, baina 2003ko urrian behera bota behar izan zuten. Geroztik, plantanoen itzala besterik ez da geratzen paraje hartan.
San Joan Konpartsak historian atzera egingo du berriz ere
URTERO bezala San Joan Konpartsak herriko gai zehatz bati buruzko konpartsa antolatu du herriko jaietarako. Aurten San Antonio Paradorea izango dute ardatz, eta horretarako karroza eta guzti aterako dira kalera. Paradorea irudikatzen duen karroza lehengo urtean ateratzekoa zuten, baina logistika medio faltagatik urtebete atzeratu behar izan dute. Orain, hainbat hamarkada atzera egin eta kaleak girotuko dituzte berriz ere konpartsa kideek. Ekainaren 27an, 18:30etan.