Errenteriarrak dantzari arinenak

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 25a, 02:00

Euskal Herriko bikoterik onenak eta zaletu ugari bildu ziren atzo Gudarien plazan, Kriskitiña dantza taldeak antolatutako txapelketan. Eneko Gil eta Nerea Vesga errenteriarrak ziren atzoko faborito eta berak eraman zuten lehen saria. Bigarren saria Bergarako Mikel Igartua eta Ibane Basetak lortu zuten; hirugarrena, Xabier Asurmendi eta Janire Urbieta Zegama-Bergarakoek; laugarrena, Xabier Etxaniz eta Leire Larrañaga Azkoitiakoek; bosgarrena Jon Ibarguren eta Estibaliz Aranguren azpeitiarrek; eta seigarren saria Xabier Segura eta Lierni Martiarena hernaniarrek. Hamairu bikotek hartu zuten parte eta lau izan ziren Hernanikoak: Xabier Segura eta Lierni Martiarenak osatzen dutena; Suharri Rodriguez eta Maria Saavedra gaztetxoek osatzen dutena, Oscar Carpintero eta Laura Carpinterok osatzen dutena, eta Aimar Abad eta Izaskun Besada pasaitarrak osatzen dutena.

Gaur, Azeri dantza eta koadrilen eguna
Gaur goizean, lehenengo Azeri dantza izango da. Hernaniar askorentzat urteko zitarik garrantzitsuenetakoa izaten da gaurkoa eta bat baino gehiagori ileak puntan jarriko zaizkio txistulariak aditzean. Horrez gain, koadrilen eguna ere bada gaur eta koadrila askotan bazkaria izango dute. Gazte Asanbladak herri bazkaria deitu du Plazan eta poteoa eta olinpiadak izango dira ondorenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!