Gustu guztietarako aukerak txosnagunean

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 23a, 02:00

Hamar txosna izango dira aurten, Tilosetan eta Plaza Berrin. Egun nagusietan goizeko 07:00ak arte egongo dira zabalik txosnak eta gainerakoetan 06:00ak arte.

hamar txosna izango dira aurtengo San Joan jaietan. Hoietatik bederatzi Tilosetako txosna gunean egongo dira eta urtero bezala, bakarra, Plaza Berrin. Gainera, festak aste egunean tokatzen direla kontuan izanda, zortzi gauetan egongo dira zabalik; aurreko ostiralean hasi eta ekainaren 27ra arte.

Ordutegia eta eskaintzak
Nahiz eta ordutegia finkatzeko garaian, hasiera batean, txosna batzordeak arazo batzuk izan zituen, azkenean adostasun batetara iritsi dira eta honela geratu da: astelehena eta asteartean goizeko 07:00ak arte eta asteazken eta ostegunean goizeko 06:00ak arte. Bi txosna izango dira janaria emateko baimena dutenak. Bata Plaza Berriko txosna, AAM-k jarri duena (bertan besteak beste oilaskoa jateko aukera izango da), eta bestea, AEKkoa, ogitartekoak salduko dituena. Txosnagunean egongo diren beste txosnak Askapena, EHE, AHT-aren aurkako taldea, Gazte Asanblada, Hernani Abian, Molotoff Irratia Hernaniko Ahotsa, Hernaniko Gazteak eta Bilgune Feminista dira. Aipatzekoa da baita ere, lau txosna gune egongo direla aukera ezberdinak eskainiko dituztenak. Txosna guztiak herri mailako elkarteek osatzen dituztela kontuan izanda, bertan ateratako dirua Hernanin geratuko dela azpimarratu du Txosna Batzordeak.

Berrerabiltzeko edalontzia
Jai hauetan gorriak izango dira txosnetan emango diren edalontziak. Prezioa 0,80 zentimokoa izango da eta ez da dirua itzuliko. Txosna Batzordeak jaietarako edalontzi bakarraren erabilera bultzatu nahi du ekimen honekin. Nahi duenak, parranda edo jaiak amaitutakoan edalontzia itzultzeko aukera izango du. Aurtengo leloa Ingo al deu? izango da, eta euskararen erabileraren eta normalizazioaren aldekoa izango da.

Ekitaldiak txosna gunean
San Joan bezpera egunean malabarak egongo dira Jaxenolassen eskutik, arratsaldeko 19:00etan. Koadrila egunean berriz, bazkaria egingo da Plaza Berrin, eguerdiko 14:00etan eta ostegunean, ekainak 26, bertso poteoa arratsaldeko 18:00etan.

Ixiar Erasun- AEK-ko irakaslea:
«Afaltzeko nahiko leku edukitzea eskertu egiten du jendeak»

Zein da AEK-ko txosnak duen berezitasuna?
Haundiena gure gunean ipintzen ditugun mahaiak dira. Jende gazteaz gain, asko, familiarekin  etortzen dira eta afaltzeko nahiko leku edukitzea eskertu egiten dute.

Zeintzuk aritzen zarete lanean?
AEK osatzen dugun guztiok, irakasleetatik hasi eta ikasleetaraino. Baina ez gara nahikoak izaten, beraz, lagunek eta familiakoek ere laguntzen digute. Norbait laguntzeko prest badago, badaki non aurkitu gaitzakeen; asko eskertzen dugu.

Txosnetako kofradia deituriko talde bat ibiltzen omen da zerbitzu eta edarien kalitatea neurtzen. Zuek puntuazio altua jaso al duzue?
Bikaina. Gure txosnako musika ona da, giro ezin hobea topatzen dute bertara hurbiltzen diren guztiek, bokata goxo-goxoak ditugu eta gainera besteek ez duten bi gauza ditugu: tabakoa eta izotza.

Aurtengo San Joan jaiak aste egunean tokatzen dira, jende asko espero al duzue?
Hiru egun lehenago irekitzen dugula kontuan izanda, eta gainera janaria ematen dugunez, jendea ibiliko da. Herritarrak koadrila eguna eta abar direla-eta, animatzen dira.
Bederatzi urte daramatzazu San Joanetan txosnan lanean, bitxikeriren bat?
San Joanak kurtso amaieran izaten direla kontuan izanda, Erasmusekin etorritako atzerritar asko hurbiltzen dira herrira. Joan den urtean Italiano batzuk harrituta geratu ziren sagardoa botatzeko berezitasunarekin. Beraiek boteilatik berdin edango lukete. Katxiek duten tamainak ere harritzen ditu, eta batez ere edalontzia koadrilako kideek eskuz esku nola pasatzen duten ikusteak, denak baso berdinetik edateak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!