Dantzaldiak eta musika estilo ugari bost egunetan zehar

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 23a, 02:00

DANTZA egiteko eta gorputza mugimenduan jartzeko ekitaldiak ez dira faltako jaietako bost egunetan zehar. Nahiz eta gauetako kontzertuak jende gaztearengana zuzenduagoak daudela dirudien, musika estilo ezberdinetako ekitaldi ugari izango da.

Musika eta dantzaldiak
Azken urteetan leial izan den Laiotz taldeak emango die hasiera astelehenean aurtengo dantzaldiei. Kontzertu amaieran, gaueko ordu txikietan, Urumea txaranga irtengo da herriko kaleetan barrena giroa berotzera. San Joan egunean musika ekitaldiak goizetik hasiko dira. Eguerdiko 12:00etan Hernaniko Txistulari Bandak kontzertua emango du Gudarien Plazan, urtero bezela. Segidan, Hernaniko Musika Bandaren kontzertua egongo da Udaletxeko arkupeetan Cipri Otxandorena Nobleren zuzendaritzapean; Gloria al pueblo, Alma de Dios, The last of de mohicans, Blues brothers revue eta A Igarondo abesti ezagunak entzun ahal izango dituzte bertara hurbiltzen diren guztiek. Afal aurretik familian dantzaldia egiteko aukera ere egongo da Atsegindegin Lisker taldearekin. Atsedenaldiaren ondoren, 23:30etan, «karroza» deituriko dantzaldia izango da talde beraren eskutik. Koadrila egunean arratsaldea animatzeko Imperial Aztecajico Mariachiekin kalejira egongo da eta gauerdian Incansables txaranga irtengo da egunaren amaiera alaitzera. Festak bukaerara iristen ari diren heinean, ekitaldiak gutxituz joan arren, jaiei amaiera ona eman nahi diotenek ostegunean izango dute aukera, Aiko taldearekin, 22:30etan, Plaza Berrin egingo den erromerian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!