MARIAN Beitialarrangoitia, Hernaniko Alkateak, San Joanetako agurra helarazi nahi izan die herritarrei. Honakoa da Alkateak San Joan festen bueltan zabaldu duen mezua: «Urtea azkar igarotzen da eta hementxe gaituzue berriro ere, San Joan jaietako egitaraua zuen esku jartzera etorriak, urte guztiko nekeak eta kezkak albora utzi eta ospakizunean murgiltzeko aukera ezin hobea. Konturatzerako igaro dira hamabi hilabete, alkate postuan egin dudan aurreneko urtea. Ez da akaso denontzat ospakizunerako motibo izango, ezta nagusia ere, baina aurkituko duzue besterik bost eguneko atseden eta festa egun hauek azken minutu arte aprobetxatzeko, beraz goza dezazuela. Gauza jakina da bost egunetan ez direla gainetik urte guztiko ajeak kentzen, gehiago beharko genukeela, baina ez da gaizki etortzen etenaldi bat. Modu berean izango dira, bai, festaz erabat gozatzerik izango ez dutenak edota, aspaldi ez bezala, beren alaitasuna beste guztiokin partekatzeko moduan izango direnak. Guztientzat nire desioa San Joan jaietan, ahal duzuen neurrian gozatzeko, goizetik iluntzera zoriontsu izaten indar guztia jartzeko. Egunari, egitarauari zukua ateratzeko urte sasoia da, baina modu berean gauzak nola egiten ditugun zaintzeko ere bai, dena ez baita kontsumoa eta zarata. Tartean izango dira jaiak beste patxada batez gozatu nahiko dituztenak, eta denontzat izan behar da tokia. Edonola ere bereziki gogoan ditugu osasun arazoak medio, bazterketa sozialaren ondorioz edota lanagatik jaiak nahi bezala gozatu ezin dituztenak, baita arrazoi ezberdinengatik urrun daudenak ere. Saiatuko gara guztien hutsunea txikiagoa egiten, etorkizunean kasu askotan horren beharrik izango ez delakoan.
GORA HERNANI! GORA SAN JOAN JAIAK!»
Marian Beitialarrangoitia, Alkatea