ELIZKOIENTZAT jaietako ekitaldi nagusietako bat den Salbea gaur arratsaldean izango da. Urtero bezala 20:00 hasiko da, San Joan Bataiatzailearen parrokian. Ondoren, ordu erdi beranduago, irteera egingo duen Hernaniko Musika Banda herrian zehar San Joan Martxa joaz ibiliko da. Irteera Gudarien plazatik egingo dute eta Zinkoeneara jeitsiko dira, buelta hartu eta Kale Nagusitik barrena Plazara itzultzeko. Ekitaldia, parte hartzaileen esanetan, urtetik urtera indar haundiagoa hartzen ari da herritarren eta eliztarren artean.
Meza Nagusia
San Joan egunean ere meza izango da parrokian. Goizeko 11:00etan hasiko da San Joan Bataiatzailearen, Hernaniko Zaindariaren omenez. Parrokian elkarrekin emandako meza izango da.
Artxiboari begira
Historian zertxobait atzera eginez, San Joan bezperan egiten diren ekitaldiaren lehen aztarnak orain ia 100 urtetakoak dira. Hernaniko artxibora joz gero, ikus dezakegunez, azaltzen den lehen aldiz, hau da, lehen erreferentzia 1911 urtekoa da. Hernaniko Musika Bandari dagokionez, hau ere ageri da herriko artxiboan. Aurrekoa baino zertxobait beranduagokoa bada ere, honen lehen erreferentziak ia mende bat atzeragokoak dira. Idazkietan lehen aldiz 1913an agertzen da ekitaldia, bi urte beranduago.