Sorgin dantzaren erritmora ehun lagun inguru irtengo dira gaur Akelarrean

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 23a, 02:00

Inkisizioa, etxebizitza eta tortura izango dira aurtengo antzerkiko gaiak. Akelarrearen dantza asmatu zuen Angel Mari Elkano, orain gutxi gartzelaratua ere gogoan izango dute.

AKELARREA izango da aurten ere Gazte Asanbladak eta akelarreko taldeak antolatuta. Sorgin gau bilera gisa ezagutua den gau honetan aker, sorgin, apaiz eta gainerakoak aterako dira emankizunean. Aurtengoan ere ehun bat lagun inguru izango dira. Akelarrean ateratzen direnak gutxi gora behera 15 eta 25 urte bitartekoak izaten dira. Antzerkia egiten dutenak aldiz zaharxeagoak izan ohi dira. Irteera arratsaldeko 19:00etan Paradoretik egingo dute. Ondoren, herriko kaleetan barrena ibiliko dira sorgin dantza dantzatuz urtero bezala. Plazara arratsaldeko zortziak aldera iritsiko dira.

Antzerkian inkisizioa, etxebizitza eta tortura
Segidan, aurtengoan ere, antzerkia izango da plazan. Gai nagusia inkisizioa izango da. Inkisidoreak Hernanira iritsi ziren garaia antzeztu nahi izaten da. Sorginak eta gainerakoak erlijiosoak ez izatearen erruz jasaten zituzten torturak irudikatuko dituzte plazan. Akelarreak, aktualitate ikutua ere izango du eta etxebizitzaren arazoa bezalako gaiak landuko dituzte gaurko antzerkian. Honetaz gain, gaur egungo Euskal Herriko eta Hernaniko egoera politikoari lotuta ere egongo da antzerkia, Akelarreko kideek Kronikari esan diotenez. Garai batean sorginek inkisidorearengandik jasaten zituzten torturak gaur egun jasaten dituztenekin alderatuko dituzte. «Estatu propio bat sortzeko bidea jarraitzeagatik askotan Euskal Herriko gizarteak jasaten dituen torturak salatuko dira». Honetaz gain, Angel Mari Elkano ere gogoan izan nahi dute, orain dela gutxi espetxeratua, bera izan baitzen Akelarrearen dantza asmatu zuena. Antzerkia gaueko bederatziak aldera bukatuko da eta ondoren San Joan suari emango zaio hasiera.

MAIALEN APEZETXEA- Akelarreko arduraduna:
«Hernaniar sentimendua sortzen du Akelarrean parte hartzeak»

Noiz atera zinen lehen aldiz Akelarrean, zerk animatuta?
Hamabi urterekin hasi nintzen edo ginen lehenengo aldiz. Ikastolako lagunak elkartu ginen, betidanik ezagutzen genuen zerbait zen eta animatu egin ginen; hor hasi ginen neska eta mutilak ateratzen, dantzatzen... beti dago urteren bat hasteko.

Zer suposatzen du zuretzat Akelarrean ateratzeak?
Guk txiki txikitatik ezagutu dugun zerbait da, urtero ikusi dugu eta beti iritsi nahi izan dugu horretara, ateratzera. Neretzako pertsonalki oso haundia den zerbait da, esanahi askokoa da eta garrantzia haundia daukana.

Eta hernaniarrentzat?
Oso garrantzitsua da, badauka bere balorea. Akelarrea hernaiarren zerbait da, jaietan egiten den ezaugarri edo bitxikeri bat da, baina gurea den zerbait da. Gainera, herriko gazteen artean hernaniar sentimendu bat sortzen du bertan parte hartzeak eta hori politta da. Jende ugari ezagutzen duzu bertan, Euskal Herriko kultura ezagutzen duzu eta zer gertatu zen, nola. Historiako zati batzuk barneratzea garrantzitsua da.

Jantziak zuek egiten al dituzue?
Sorgin txapelak-eta urtero egiten dira, normalean urtero berritzen dira. Jantzia berriz, bakoitzak berea du, nahiz eta hauek egiteko ere askotan elkartzen garen. Gure helburua 25.urteurrenerako emakumeen eta sorginen jantziak  pixka bat garai hartara egokitzea da. Antzerkian erabiltzen diren hainbat jantzi, apaizarenak eta abar, askotan elizak edo lagunak utzitakoak izaten dira edo pelikula batean norbaitek erabilitakoak.

Nola bizi duzu zuk San Joan gau hori?
Gau misteriotsua da. Hala ere, duen kutsu erlijiosoa kenduko nioke. Solztizioaren gaua da, eguzkiak indarra hartzen duen gaua, udara datorrela esan nahi du eta hori erlijioak zapaldu egin zuen. Esanahia indartzea gustatuko litzaidake, apunteak botatzeko baino zerbait gehiago baita, bere esanahi propioa duen zerbait da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!