Hankak dantzan jartzeko garaia

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 23a, 02:00

Gaztetxoek azken asteetan egindako entsaioak jende aurrean erakutsiko dituzte gaur arratsaldeko 17:00etan plazan hasiko den haurren aurreskuan.

Arratsaldeko bostetan, urteroko moduan, haurren aurreskua izango da Gudarien plazan. Izen ematea aurretik egiten denez, berrogehita hamar bikote izango dira dantzara aterako direnak. Gogotsu ateratzen dira dantzara neska-mutilak, bertan egingo dituzten dantzak aurretik ongi entsaiatuta edukitzen baitituzte.

Dantza mota ugari
Gaztetxoek lehendabizi, dantzari hasiera emateko, soka bat egiten dute plazan eta honi buelta ematen diote. Ondoren, aurrenekoek, hau da, aurreskua dantzatzen dutenek, eta azkenekoek, atzezkua dantzatzen dutenek, sokatik ateratzeari ekiten diote; bi taldeen arteko lehia hasten da, dantzan. Segidan, garai batean egiten zen bezala, arku bat egin eta haurrak azpitik igarotzen dira. Garai batean, norbait gaizki portatuz gero, ez zitzaion pasatzen uzten. Ondorenean, mutilek alpargarta dantza egiten dute, banaka. Gero, aurreskua dantzatuko duten lau mutikok eta atzezkua dantzatuko duten beste lau mutikok beren bikotea hartu eta plaza erdira eramaten dute. Bertan, agurra dantzatzen diote. Ondoren, hasieran osatutako zinta egiten dute berriro ere, eta mutilek zortzikoa dantzatzen diote bikotekideei. Behin bikoteak osatuta daudela, arin arina eta fandangoa dantzatzen dute denek batera. Plaza atzean utzi eta haurrek kale bueltari ekiten diote geldialdiak eginez. Bakoitzean, zortzikoa, fandangoa eta arin arina dantzatzen dituzte. Buelta amaitu ondoren, hasitako lekura, plazara bueltatzen dira. Bertan, dantzaldiari amaiera ematen diote.

Jatorri ezezaguna
Aurreskua dantza dotorea eta ospetsua kontsideratu izan da beti, euskaldunek festa haundietan dantzatzen zuten dantza da. Hala eta guztiz ere, jatorria ezezaguna da, nahiz eta batzuk artzaintza giroko koreografiekin lotzen duten. XV.mendean eliz agintariak izan ziren zabaldu zutenak. Mendeetan zehar indarra galtzen joan zen arren, Guda Karlistaren ondoren, kulturen berpiztea etorri zen eta honen ondorioz aurreskua berreskuratzen hasi zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!