Gau magiko eta luzeenari hasiera emango dio San Joan suak plazan

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 23a, 02:00

SAN Joan sua piztuko da gaur gaueko 21:30etan plazan. Gau misteriotsua izaten da hau, urteko gaurik luzeena izateaz gain, udako solstizioa eta herriko jaiak ospatzeko jende ugari hurbiltzen baita bertara. Sua egiteko ohitura aspaldikoa da, orain milaka urte ere ospatzen baitzen San Joan gau berezia. Hala eta guztiz ere, orduan zuen esanahia eta gaur egungoa oso ezberdinak dira, zentzua aldatu egin dela esan daiteke.

Suaren inguruko mitoak
Udako solstizioa ospatzeko ohiturak aspalditik datoz. Lehen, eguzkiarekin zerikusi haundia zuen, gur egiteko pizten baitzen sua. Aintzinan, gure arbasoentzat, eguzkia oso garrantzitsua zen, Eguzki Amandrea deitzen zioten. Hotzetik babesteko, lurrak gozatzeko eta nola ez, argia emateko bizi iturri zen. Beraz, urteko egunik luzeenean ospatzen zen suaren inguruko festa eta dantza eta kantu guztiak berari eskeintzen zizkioten.

Gau majikoa
San Joan izena Kristautasunak eman zion, festa berea egin zuenean eta kontzientziaren argitasuna adierazten zuen. Gainera, hasiera batean aipatutako eguzkiak zuen garrantzia industrializazioarekin desagartzen joan zen, jada ez baitzegoen horrenbesteko beharrik; gurtzeari utzi zitzaion. Gaur egun, halere, gauak magikoa izaten jarraitzen du, nahiz eta festa den zentzu nagusia. Egun honetan, nahiz eta beste herri batzuetan eguzki loreak ipintzen dituzten, hernaniarrek beraien etxeko atarian lizar adaxkak jartzeko ohitura dute, gauean egon daitezkeen izpiritu txarretatik babesteko asmoz.

Kantaita eta aurreskua
Sua piztearekin batera, herritarren aurreskua eta San Joan kantaita izango dira suaren inguruan, 21:30etan hauek ere. Asko dira bertara hurbiltzen direnak aurresku herrikoi honetan parte hartzera, eta magia eta emozio momentuak izaten dira.
Kantaita herri aurreskuaren ondoren izango da suaren inguruan. Aurtengoa zazpigarren urtea izango da, jarraian egiten dena. Kantaita emakumezkoek San Joan gau bezperan kantatzen zuten abestia da. Nahiz eta herrian mantendu ez, Nafarroako Urdiainen iraun zuen, eta handik ekarri zuten bai abesteko ohitura eta baita abestia bera ere. Gaur gauean, eskutik helduta, mugimenduak eginez hogeita hamar emakume inguruk hartuko dute parte. Kantu honen bidez gariari ondo etortzeko eskaria egiten zaio.
Bi ikuskizun hauek amaitu bezain laister, eta sua indarrra galtzen hasten den momentutik aurrera, herritarrek gainetik salto egiteko aukera izaten dute. Suaren inguruan bildutakoek gustora hartzen dute sua itzali bitarteko momentu hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!