«Agendan saiorik ez dugunean ere aitzakiaren bat bilatzen dugu bertsotan egiteko»

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 23a, 02:00

Amaia Otxotorena eta Estitxu Eizagirrerengana jo du Kronikak bertso eskolaren nondik norakoak jakiteko. Bide batez, gaur egun bertsoa nola bizi duten ere galdetu diegu Hernaniko bi bertsolariei.

Nola gogoratzen duzue bertso eskolako hasiera?
Amaia: Ereñotzuko ikastolan klasean ematen ziguten bertsolaritza, Aritz Zerain eta Ibon Minerrek eta 12 urterekin ikastera Hernanira etorri ginenean Hernaniko bertso eskolan sartu ginen Arnaitz Lasarte eta biak. Lehenengo egunean hainbeste jende ikusita, lotsatuta sartu ginen.
Estitxu: Gu 10 urterekin hasi ginen bertso eskolan. Gelan egundoko lana egin zuen Ixiar Otamendi irakasleak, bertso inguruko istorioak kontatu eta abar, eta hortik zaletu eta apuntatu ginen, ia klase osoa. Juanjo Uriak ematen zuen bertso eskola orduan; pazientzia ederra zuen!

Zer dela eta sartzen da 10-12 urteko gazte bat bertso eskolara?
Amaia: Asko etxeko giroa da. Amonak txikitatik kantatu izan dizkit bertsoak, aita bertso eskolan ibilia da, lehengusuak ere bai, eta ni ere bai.
Estitxu: Guri ere amonak kantatzen zizkigun bertso asko eta horrez gain, ikastolan bertsoarekin jolas egiteko aukera ematen badizute, batzuk engantxatu egiten dira.

Denborarekin bertsoa 10/8 edo 7/6 baino gehiago izatera iritsi da zuen bizitzan.
Estitxu:
Zaletasun bat eta espresatzeko modu bat bihurtzen da eta horrek bizitzako fase desberdinetan forma desberdina hartzen du. Koadrilan bizi zaren garaian, bertso eskola koadrila bat bihurtzen da; hainbeste ateratzen ez zarenean, jarraitzen duzu zure kasa. Asko nahiz gutxi ari, noizbehinka kantatzeko gogoa izaten da. Agendan saio bat ere ez dugunean, edo astean behin biltzen ez garenean ere, izaten da gogoa bertsotarako, eta aitzakiaren bat beti bilatzen dugu bertsotan egiteko. Gauza bat da bertsotan ikastea eta bestea zaletzea. Zaletzean, sartzen zaizu bertsotarako har hori. Amaia: Ni Oñatin ari naiz ikasten eta bertso eskolara gutxi etortzen naiz, baina parrandan eta nabilenean, norbaitekin elkartuz gero, bertsotan hasten gara. Horrez gain, saioak entzutera joateko gogoa-eta izaten da. Txikitan bertso eskola da astean ordubete; gero, gustatzen bazaizu, beste modu batera bizi duzu.

Ibilbide bat egina duzue bertsotan. Zer puntutan zaudete?
Amaia: Ni astean behin etortzen naiz klaseak ematera eta hortik aparte noizbehinka biltzen naiz bertsotarako, hemen edo Oñatiko bertso eskolan.
Estitxu: Orain arte oso sartua egon naiz, bai bertso eskolak ematen eta baita kantatzeko astero biltzen ere. Baina umea izan eta gero, sentitu det beste estremora pasa naizela, eta borroka horretan nago orain: bertsoa ez det utzi nahi eta ahal denik eta gehien eskaini nahi diot, baina aldi berean, orain ez daukat lehen bezala biltzeko aukerarik.

Bertsotan aldatu al dira zuen ametsak, helburuak?
Estitxu:
Ez, gauza batengatik. Nire helburua beti izan da ondo pasatzea. Orain errazago disfrutatzen det, ez daukat jende aurrerako tripako min txar hori, orain beharrezko tripako min hori izaten dut. Nire ustez bizitzan ez da olatu bakarra izaten aprobetxatu beharrekoa eta bertsotan ere bizitza osoa daukagu egiteko, ikasteko, gozatzeko...
Amaia: Nik ez dut izan plazara salto egiteko helbururik. Ondo pasa eta bertsotan ikastea izan da nire helburua. Garai batean esaten nuen ez naiz jende aurrera aterako, eta orain errazago ateratzen naiz.

Bertsolari ezezik bertso eskolako irakasle izana da bata eta irakaslea da bestea. Zer erakusten saiatzen zarete?
Amaia:
bertsotan irakatsi behar da, eta ondo pasa. Oreka bat bilatzea da kontua. Estitxu: bertso eskolak duen berezitasuna da, ikasleak hizketan jarri behar direla, eta hori ez da gaur egun gauza askotan gertatzen, eskola batean umeak isilik daude normalean. Hori kristoren tresna da, ikasle horiek bizi dituzten gaiak ateratzeko. Hori ondo landuz gero, oso aberasgarria da, ikasle bakoitzaren izaera kanporatzeko balio baitu. Hernaniko bertso eskolan saiatzen gara pertsona bakoitza den bezalakoa azaldu dadin bertsotan ere.

Hernaniko Bertso Eskola referente izan da beste zenbait herrietarako. Arrakasta non dagoela uste duzue?
Amaia:
Ni aurten Oñatira joan naiz eta bertako bertso eskolan denak beldurtuta hartu naute. Puntako hainbeste bertsolari izanda uste dute he-men ez dakit nola ikasten dela. Arrakastaren gakoa agian izan da, lehendabizikotako bertso eskola izan dela antolamendu haundia izan duena.
Estitxu: Hernaniko Bertso eskolan talde bateko partaide sentitu izan gara eta aldi berean, klaseak eman, kantatzeko bildu, geure burua prestatu, gauzak antolatu... denetatik egin dugu, inori ideia eta baimenik eskatu gabe; hori da klabea. Eta talde hori berritzen joan da, belaunaldi berriak sartzen. Bertso eskola mobida guzti hori da, talde hori eta gustoko duena hor geratzen da, hor sartzen da.

Demagun zuek zaretela txupinazoan bertsoa kantatuko duzuenak. Ez dizuet bertso bat eskatuko, baina zer esango zeniokete Hernaniko herriari?
Amaia: Hogeita zazpi urtean bizirik egon den talde bat dela, eta aurrera ere, jarraitzeko jende asko datorrela.
Estitxu: 23 gauean bakoitzak bere koadrilan bertsotan egiteko, puntuka.

Etorri bezela

  • Bertso Eskola: «kimu berri dun arbola»
  • Txotx: «Kupel txarretik tragua motx»
  • Plaza: «Lotsatientzat ez da erraza»
  • Txapelketa: «Apuntatu gratis da eta!»
  • Festa: «Egingo ez duenik ezta»
  • San Joanak: «Ondo bukatzen
     nahiko lanak»
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!