Txupinazo hitzak zenbat errima dituen prentsatzen hasiak izango dira herriko bertsolariak, edo San Joan-ekin ´etxera ez joan` nola uztartu. Izan ere Bertso Eskolak emango die hasiera aurtengo San Joan jaiei, Festa Batzordeak hala erabakita. 27 urteetako ibilbidea omendu nahi izan dute, Hernanin bertsorik falta ez zedin, egindako lan isila eta herrian sortutako zalaparta. Goizeko 11:45etan, omenaldia egingo die Festa Batzordeak bertso eskolako kideei Gudarien Plazan, eta eguerdiko 12:00etan botako dute aurtengo San Joan jaiei hasiera emango dien txupinazoa.
Etenik gabeko soka
Bertsoa eta Hernani beti egon dira lotuta, hala diote idatzirik zaharrenek edo ahoz aho pasatako historiak. Txabalategiren garaia, Txirritarena, Hernani Txikia, gerra eta gerra ondorena... aspaldiko eta ez hain aspaldiko erreferentziak. Oraindik badira etxez etxe bertsolariak zirela gogoratzen direnak, bertsoak Hernanin sortzen zuen irrikia azaltzen dutenak. Baina garai txarragoak ere izan ziren, eta susperraldia ulertzeko, 1981era egin behar dugu salto. Ordurako, Hernaniko bertsolarien arteko txapelketak eta herriko bertsolarien saioak egiten hasiak ziren, baina Xabier Amurizak herrian emandako ikastaro bat izan zen oraingo bertso eskolaren iturburua, geroztik hainbat bertsolari eta hainbat bertso zale sortu dituen eskolaren hasiera.
Bilerak Udaletxean
Amurizak emandako ikastaroa denbora aldi batekoa izan zen, baina talde batek biltzen jarraitu zuen. Udaletxean izaten ziren bertsotarako bilerak asteartetan, gai orden jakinekoarekin: bildu eta kantatu. Lehenengo urte haietan talde dezentea biltzen zen, eta gerora jende desberdina pasatzen joan da, Udaletxetik aurrena, eta Biteri kultur etxetik. Zer ez ote dituzte entzun pareta zahar horiek! Gaur egun, berriz, Larramendi kalean du bertso eskolak egoitza, Udalak utzita, eta Hernani inguruko soziedadeetan ere bai, noski. Herrian bertso giro haundia sortu du bertso eskolak, eta badirudi harrobia emankor dagoela aurrerako ere.
Ikastolen lana
Hernaniko bertso eskolak bi zutabe izan ditu eta biak bat egiten asmatzea izan da urte guzti hauetako arrakastaren arrazoietako bat. Amurizak sortutako bidetik jarraitu zuten zenbait lagunek, baina horrez gain, gaztetxoekin ere lana egin zuten ikastoletan. Urumea ikastolan, Joxe Mari Gabiria hasi zen bertsolaritza erakusten, eta Manuel Beraza eta Gregorio Olasagastik jarraitu zuten. Langile ikastolan, berriz, Juanjo Uria izan zen bertsolaritza klaseak eman zituena, eta Joxe Mari Mujika Anatx ere joaten zen, bapatean hasi zirenak trebatzera. Ereñotzuko bertso eskolan ere Juanjo Uria hasi zen, eta aurrerako Florian Oiarbidek jarraitu zuen. Aurrerago, pauso garrantzitsua eman eta ikastetxeek Hernanirako bertso eskola bakarra sortu zuten Biteri kultur etxean (gaur egun Larramendi kaleko lokalean). Hor trebatutako neska-mutilek tranpolin ederra izan dute gainera, asteartetan biltzen zen bertsolari taldea. Gaur, jenerazio desberdinetako bertso eskolako kideak bilduko dira jaiei hasiera ematera: bertso eskolaren sorreran ibilitakoetatik, gaur egun bertso eskolan astero biltzen direnetara.