Ingurumenarekin zerikusia duten gaiak lantzen ari dira azkeneko urteetan herriko ikastetxeetan. Aurten Hondakinak, Landaretza eta Ura izan dituzte aztergai nagusiak. Orain, kurtso bukaeran, erakusketa txiki bat egin dute Udaletxean ikasleek gai horien inguruan egindako lanekin. Erakusketa dagoeneko bukatu da eta antolatzaileak pozik azaldu dira.
Hondakina,
landaretza eta ura
Programa Lehen Hezkuntzara zuzendua dago; 4, 5 eta 6garren mailetara; maila bakoitzean gai nagusi bana lantzen dute. 4garren mailakoek Hondakinak gaia landu dute, eta besteak beste, zabor poltsen azterketa tailerra egin dute, udalerriko egoeraren behaketa eta Urnietako Ontzien Sailkapenerako Planta ezagutzera joan dira.
5garrenekoek Landaretza landu dute eta herriko parkeetako zuhaitzak ezagutu dituzte, birziklatzeko eta enkuadernatzeko tailerrak egin dituzte paperarekin eta Urnietako Arizmendi Landare Mintegia ezagutu dute. 6garrenekoek Ura landu dute, eta erreka baten egoera aztertu dute, uraren higadura lanak aztertu dituzte eta Añarbeko Edateko Uren Araztegia ezagutu dute.
Ikasleen lanak
Ingurumen Hezkuntzari buruzko programa Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak Kooperatibako hezitzaileek eman dute eta Udal Hezkuntza Batzordeak diruz lagundu du.Aldi berean, Hernaniko Lehen Hezkuntzako ikastetxeak Eskola Agenda 21 proiektua lantzen ari dira. Aurten Hondakinak gaia landu dute eta hauen lanak ere erakutsi dituzte erakusketa berean.