Amher Hernaniko elkarte multikulturalak eta SOS Arrazakeriak antolatuta, musika emanaldi eta ikuskizuna izango da aurten ere San Joan festetan. Helburua da beste kulturak ezagutzera ematea eta bide batez haiekin disfrutatzea. Horretarako bi kontzertu antolatu dituzte, bata gaur senegaldar talde batekin, eta bestea asteartean, San Joan egunean, musika kubatar eta afroarabiarraren kontzertuekin.
Senegaleko musika gaur
Gaur arratsaldean, festak girotzeko, M’Lomp kultur elkarte senegaldarreko musika taldea izango da 18:30etatik aurrera, herriko kaleetan barrena. Senegaleko doinu biziak ekarriko dituzte, jendeak dantza egiteko.
Asteartean musika kubatarra eta afroarabiarra
Gaurkoa ez da Amherrek antolatu duen kontzertu bakarra. Asteartean, San Joan egunean, kulturarteko musika emanaldia izango da Urbieta kalean, Txantxangorri elkartearen parean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
Bertan izango da Yanicet & Santiago Habana talde kubatarra, Habanatik etorria. Kubatar eta karibear errit-moen erakustaldi dotorea egingo dute. Salsa, Son, Chachacha, Bolero, Runba, Bachata, Cumbia eta Merengue doinuak izango dira dantzarako. Musika taldeak urteak daramatza eszenatokietan, arrakasta haundia izan du eta gaitasun haundiko musikariez osatua dago. Musika jo, abestu eta dantzatzeaz gain, taldeko kideak saiatzen dira publikoa dantzan jartzen, horretarako oinarrizko pausuak erakutsiz.
Bestalde, jatorri afroarabiarreko Tamsna perkusio taldea ere bertan izango da. Talde honen letrek migrazioaz, askatasunaz, maitasunaz eta abarretaz hitz egiten dute. Eta perkusio tresnekin laguntzen dute: dundunak, djembeak, darbukak, chekereak eta bestelako tresnak joko dituzte. Hainbat perkusio ikastaroetatik sortutako taldea da.
Egitaraua
10:00 Bola jokoa. 2garren jaurtiketa Goiz Eguzki
bilgune sozialean.
10:00 Uso tiro txapelketa, Jauregi baserriko zelaian. ‘Hernaniko Udala Sari Nagusia’
10:30 Atleta osoaren XXXVI froga.
10:30 Palankarien XXVII proba Sagastialdeko pistan.
11:00 II xake proba, Tilosetan. ‘Gerardo Plaza’ren omenez.
18:30 Senegaleko musika herriko kaleetan barrena.
23:00 Aritz Sound System eta Daddy Jeff, Molotoff
irratiaren txoznan.