«Ni gorputzera sartzen naiz; ematea eta hartzea tokatzen zait»

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 21a, 02:00

Zer dala eta sartu zinen boxeo munduan?
Betidanik izan naiz boxeo zalea. Probatzen hasi nintzen eta konbaterik nahi ote nuen galdetu zidaten eta animatu egin nintzen. Garai batean futbolean eta txirrindularitzan ibili nintzen eta kirola aldatzeagatik sartu nintzen hemen. Aurten uztekotan egon naiz, gogorra delako, baina oraingoz jarraitzen dut.
Zer sentitzen da ring batera igo aurretik?
Urduritasuna, bai baitakizu arerio batekin borrokan egingo duzula, eta ez dakizu nolakoa den, eta nola jotzen duen. Oso gogorra egiten da, baina zaletasun hori baduzu ba aurrera egiten duzu. Nire boxeoan hartzea asko tokatzen zait, gorputzera sartzen bainaiz, eta jo bai baina jaso ere asko egiten dut.
Zer entrenatzen da?
Indarra lantzen dut batipat zakuarekin eta fisikoa ere lantzen dut zerbait. Ni teknikoki mugatua naiz eta indarrarekin atera behar ditut aurrera borrokak.
Paco Bueno gimnasio honetan jende asko zabiltzate?
Entrenatzen bagabiltza 10 bat lagun, baina ringera igotzen garenak 2-3 bakarrik gara. Gipuzkoa mailan ere gutxi da, boxeoa jaitsi egin da. Jendeak ez du muturrekorik hartu nahi eta gaizki ordaindua dago gainera. Jendea fisikoki ondo egoteko entrenatzera etortzen da baina gero konbateetara gutxi animatzen dira. Izar bat behar da, Treku izan zenaren modukoa baina momentu honetan ez daukagu.
Aurrerako zer helburu duzu?
Ez daukat helbururik, hau hobby bat da. Uztekotan egon naiz, baina momentuz aurrera jarraituko dut. Hurrengo helburua Hernaniko konbatea irabaztea.
Zalerik mugitzen al du boxeoak?
Geroz eta gehiago, hori nabaritzen da.
Inguruko jendeak zer esaten dizu?
Erotuta gaudela, batez ere amak. Baina gero animatu ere egiten nau eta baita konbateetan ere.
Inoiz boxeoa ikusi ez duen hernaniar bati zer esango zenioke?
Ikustera etortzeko, merezi duela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!