«Kick boxinean bi minutuan duzun guztia ematen duzu»

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 21a, 02:00

Urtetan jokatu duzu Errugbia Hernanin. Nolatan aldatu duzu kirolez?
Probatzeko. Pixka bat aspertua nengoen astebururo partiduak jokatzeaz eta nibel hain altuan ibiltzeaz. Probatzen hasi nintzen eta nola gustatu egiten zaidan konpetitzea, ba kick boxinari ekin nion. Pare bat urte daramazkit kick boxinean eta gustora nago.
Zer da kick boxina?
Boxeoaren antzekoa da, baina ostikoak ere eman litezke.
Horrelako kirol bat zergatik aukeratzen da?
Betidanik gustatu izan zaizkit bai boxeoko konbateak, bai kick boxina, espektakularra da eta gogorra gorputzarentzat. Beti eduki izan det kuriosidadea zer sentitzen ote den ring batera igotzean.
Eta zer sentitzen da ring batean?
Ematen duena baino nerbio gehiago. Nik uste nuen jende aurrean jokatzen ohituta egonda lasai igoko nintzela ring-era, baina ez da horrela. Igo eta bi minutuan duzun guztia ematen duzu eta hustu egiten zara, ikasi arte behintzat. Ni oso ondo prestatuta ibili izan naiz beti, baina lehen aldiz igo nintzenean, egurra jaso nuen. Ematen duena baino gehiago erretzen duen kirola da, oso anaerobikoa.
Konbate baten aurrean beldurrik sentitzen da?
Beldurra baino gehiago nerbioak dira. Amateurretan ez dakizu zure kontrarioa nolakoa den eta zalantza izaten duzu. Lehenengo 30 segunduak aurkaria begiratu eta aztertzeko izaten dira.
Ingurukoak zer esaten dizute?
Ea txoratu naizen. Betiko roiloa dago hor: jendeak uste du ringera igotzen garenak kamorrista batzuk garela eta burutik bukatuko dugula.
Bi urte egin dituzu Kick boxingean eta dagoeneko sari garrantzitsuak dituzu. Asko kosta zaizu horraino iristea?
Ondo egoteaz gain zortea behar duzu. Asteburu batean 6-7 konbate izaten dira eta zorte pixkat behar da. Orain Espainiakora probatzera noa; pisuz jaitsi naiz eta 80 kilokoekin ariko naiz. Helburu garbirik ez daramakit maila altua egongo baita, baina saiatuko naiz ahal den ronda guztiak pasatzen.
Zein helburu dituzu kick boxing-ean?
Hau jobi bat da eta datorren bezala hartuko det.
Inoiz errugbira bueltatzeko asmorik?
Igual bai eta igual ez. Intentzioa badaukat mono pixka bat sartzen baita, baina ez dakit.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!