Fermin Etxeberriaren omenezko aurreneko batel estropada, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 19a, 02:00

LARUNBATEAN estropada izango da Elorrabin, duela urtebete hil zen Fermin Etxeberriaren omenez. Fermin Etxeberria urtetan ibili izan da arraun elkartean, bai arraunlari eta patroi bezala, eta baita entrenatzaile eta arduradun bezala ere. Egun horretan Hernaniko arraunlariez gain, Fortuna, Koxtape, Tolosa eta Zarautzeko arraunlariak izango dira, nor baino nor.

Estropadak
Estropadak arratsaldeko 17:30etan hasiko dira. Lehenengo infantil mutilak aterako dira, aurreneko txandan Tolosa A eta Tolosa B; eta ondoren Fortuna eta Hernani. Jarraian kategoria ezberdinetako nesken txanda izango da: aurrena, Tolosako kadeteak eta Hernani aterako dira; eta segidan Koxtape eta Tolosako jubenilak. Bi estropada hauek denbora onena egiten duen batelak irabaziko ditu. Jarraian, erlojupeko estropada izango da, jubenil eta senior mailakoa. Estropada honetan: Tolosako kadeteak, Zarauzko jubenilak eta Hernaniko batela izango dira.

Sariak eta merienda
Estropada bakoitzeko txapeldunak bandera bat eskuratuko du eta parte hartzaile guztientzat izango dira trofeoak. Bukaeran, indarrak berreskuratzeko merienda izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!