Txantxilla urbanizatzeko proiektua erakusketan

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 19a, 02:00

TXANTXILLAN etxeak egiteko proiektua aurrera doa, izan ere, astearteko Gobernu batzarrak hasierako onarpena eman zion eremu hori urbanizatzeko proiektuari. Urbanizazio proiektua, alkantarilak, espaloiak, argiteria, gasaren hodiak, eta abar agertzen diren proiektua da. Gobernu batzarrak hasierako onarpena emanda, proiektua erakusketa publikoan jarriko da herritarrek ikus dezaten. Pegarik ez bada behin betiko onarpena emango litzaioke. Txantxillan etxeak egiten hasteko lehen urratsa, ezer egin aurretik, argiaren linea lur azpitik sartzea izango da.

178 etxebizitza Txantxillan, aparkamendua dagoen horretan, 178 etxebizitza dituzte egitekoak: 56 babes ofizialekoak izango dira; 33 hitzartutako prezioarekin salduko dira eta 89 prezio librean. Axalako sarrera-irteera ere lekuz aldatuko dute, eta herrira Txantxillako atzekaldean egingo den rotonda baten bidez sartu ahal izango da.

Udal tasak ordaintzeko diru laguntzak
Zenbait udal tasa ordaintzeko diru laguntzak ematea ere onartu zen Gobernu batzarrean, azken urteko bideari jarraituz. Zehazki ura, zaborra eta estolderiaren zergak ordaintzeko diru laguntzak emango ditu udalak.

Diru laguntzak
eskatzeko modua

Zerga hauek ordaintzeko diru laguntza ekaina eta uztailan zehar eskatu daiteke. Diru laguntza eskatzeko eskari papera bete behar da. Udaletxeko aurreneko solairuan lortu daiteke, ezkerretara dauden bulegoetan.
Diru iturriaren arabera, zergen %100etik %50era itzuliko dio eskatzaileari udalak. Hau da, orain zerga horiek ordaindu egin behar dira eta diru laguntza eskaria onartuz gero, 2009an itzuliko zaio dirua eskatzaileari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!