Tonbola irekiko da igandean, Thailandiako neska gazteak laguntzeko

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 18a, 02:00

AURTEN ere tonbola irekiko du Baan Marina Fundazioak, Thailandako neska gazteak laguntzeko helburuarekin. Tonbola jarri denetan herritarrek ondo erantzun dute, iaz esaterako, 4.798 euro atera zituzten, eta diru honen bidez urte osoko jostungintzako lanbide heziketa ordaindu ahal izan zieten 20 gazteei. Proiektu honen helburua da Thailandiako iparraldeko tribuetako neska gazteei laguntza ematea, lanbidea emanez, prostituzio arriskutik urruntzeko asmoz.

Heziketaz gain, neska gazte hauek erregistratu egiten dituzte babesa ematearren, eta mediku asistentzia eta beste hainbat laguntza ere ematen dizkiete. Ikasketak bukatzean neska hauek beren tailerra jartzen dute edo beste enpresaren batean kontratatzen dituzte. Beste batzuek aldiz, neska gazteagoen heziketan egiten dute lan.

Igandetik asteazkenera
Postua igande arratsaldean irekiko dute, asteazken arratsaldera bitartean. Beraz, boletoa erosi eta sari bat eskuratzeko aukera izateaz gain, laguntzeko aukera ere izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!