URTETIK urtera jende gehiago biltzen da herriko plazan San Joanak iragartzen dituen Preludioa entzutera. Oholtza gaineko kideek beren onenak eman zituzten, jendea hunkitzeraino. Bertan ziren, besteak beste, Hernaniko Musika Banda, Hernaniko eta inguruko txistulariak, Hernani Musika Eskola Publikoko Akordeoi taldea eta abesbatza, Kantuz, Ozenki eta San Joan parrokiko abesbatzak, Ttarla, Kriskitiña eta Dantza garaikideko taldeak. Zuzendari lanetan Patxi Apezetxea, Igor Arroyo, Maribel Insausti, Garbiñe Orbegozo eta Zipri Otxandorena aritu ziren. Eta aurkezle lanetan Idoia Noble eta Jon Odriozola. Musikariek, zuzendariek, denek txalo zaparrada luzeak jaso zituzten.
Gitarra elektrikoaren doinuak
Aurtengo Preludioak izan du protagonista berezia: gitarra elektrikoaren doinua. Deep Purple taldeak 40 urte beteko dituela eta, gitarra elektrikoari leku berezia egin nahi izan diote. Batek baino gehiagok sorpresa ederra hartu zuen David Soriazu eliza sarreran jotzen azaldu zenean. Urtero bezala, San Joan Martxaren moldaketa berezi batekin bukatu zen emanaldia, aurtengoa XVa.
Preludio Txikia eguerdian
Gaueko Preludioari aurre hartu zionik ere bada ordea; izan ere, herriko gazteek eguerdian egin zuten beren Preludio Txikia. Herriko ikastetxeetako eta musika eskoletako 10-12 urteko ikasleek abesti emanaldia eskaini zuten. Preludio txikiak 10 urte egin ditu aurten.