gotzon Huegun tailagileak Oialume dantzalekuari buruzko taila erraldoia egin du. Oialume sortu zenetik duela gutxi itxi zen arteko ibilbidea jaso nahi izan du kolpeka eta trentxarekin, eta horregatik akaso, taila haundi samarra da. Hilabeteak eman ditu lan hau egiten eta orain, herriari erakutsi nahi izan dio.
Intxaur egurra
Pieza galanta da, intxaur egurrarekin egina eta altzairuzko euskarri haundi batean jarria. Guztira, egur eta altzairu, 250 kilo pisatzen ditu gutxi gora-behera artelanak.
Erreferente garrantzitsua
Enkarguz egin du lana Huegunek, opari bat egiteko. Huegunek onartu du berak ez zuela dantzalekua ezagutu eta galdezka-galdezka, konturatu zela ´Oialume erreferente garrantzitsua zela, ez bakarrik Hernanin, baita inguruko eta urrutiko herrietan ere`. Horregatik erabaki zuen lana bukatutakoan, jabeari eman baino lehen, herritarrei erakustea.
Herriak ikusteko
Esan eta egin. Udaletxera joan, bertakoekin hitz egin eta orain udaletxeko eskaileretan dago, deskantsiloan, nahi duenak ikusteko moduan. Asteartera arte izango da bertan, goizez eta arratsaldez, 17:30etatik 20:00etara.
Artista ezaguna
Gotzon Huegun artista ezaguna da dagoeneko herrian, besteak beste, irakasle aritzen delako Biteriko tailerretan eta Zinkoeneako eskultura berak egina delako.