Biteriko tailerretako emaitzarik onenak egunotan ikusgai

Kronika - Erredakzioa 2008ko eka. 15a, 02:00

Biteriko tailerrak bere onenak eman dituzte edo ematen ari dira; izan ere, kurtso bukaera ailegatu da eta ikasturtean zehar egindako lanen emaitzak erakusten ari dira, emanaldi eta erakusketen bidez.

Eskulan erakusketa asteazkenera arte
Maiatzaren bukaeran gaztetxoek tailerretan egindako lanak erakutsi zituzten. Orain, berriz, helduen txanda da. Erakusketa dago Biteri kultur etxean, joan den hilaren 4az geroztik datorren asteazkenera arte, hilaren 18ra arte. Bertan, pintura, harri eta egur taila, altzarien zaharberritzea, argazkilaritza, zeramika eta bestelako eskulan tailerretan egindako lanak daude ikusgai. Erakusketa irekia da eta jende asko pasa da dagoeneko.

Antzerkia eta dantza emanaldia ostiralean
Antzerki, dantza garaikide eta areto dantza tailerrak ere izan dira Biterin azkeneko urtean. Egindako lana ondo erakutsi zuten pasa den ostiralean jende aurrean. Jendez gainezka zegoen aretoan dantza garaikideko eta antzerkiko emanaldi dotoreak egin zituzten.

Dantza latinoa eta pelikula laburrak
Oraindik falta dira dena den, erakustaldiak. Datorren ostegunean, hilak 19, dantza latinoetako ikasleek emanaldia egingo dute eta baita film laburrak egiten aritu diren ikasleek ere. Hiru film labur emango dituzte, horietako bat making offa esaten zaiona, alegia, filmearen grabaketari buruzko filmea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!